Ibilbide artistikoa omentzen duen Ercilla saria Maria Luisa Merlo aktoreak jasoko du
Ibilbide artistikoa goratze aldera ematen den Ercilla saria Maria Luisa Merlo aktore valentziarrak jasoko du aurten, antzerkian, zineman zein telebistan egindako lanagatik.
GARA | BILBO
Atzo jakinarazi zuen XXVI. Ercilla sarien epaimahaiak Maria Luisa Merloren ibilbide profesionala goraipatzeko hartutako erabakia. Aktore valentziarrak hamaika lanetan parte hartu du zineman, telebistan zein antzerkian eta genero guztiak landu ditu, komedia, drama eta musikalak barne.
1986an Antzerki Klasikoko Konpainia espainolean hasi zen lanean eta ordutik hainbat antzezpenetan parte hartu du, «La ratonera», «Adulterio... casi decente» eta «Las vacaciones de Josefa», tarteko.
Hautagai zerrenda
Epaimahaiak, horrez gain, urtarrilaren amaieran ezagutaraziko diren XXVI. Antzerki Sarietarako hautagaien zerrenda ere eman zuen jakitera. Emakumezkoen artean, antzezpen onenaren sarirako hautagaiak honakoak dira: Miren Ibarguren («Mi primera vez» lanagatik); Natalia Millan («El Mercader de Venecia»); Aitana Sanchez Gijon («Un Dios salvaje»); Concha Velasco («La vida por delante»); eta Maribel Verdu («Un Dios salvaje»).
Gizonezkoen artean, berriz, antzezpen onenaren saria jasotzeko hautagaiak honakoak dira: Roberto Alamo («Urtain» antzezlanagatik); Ramon Fonsere («La cena»); Jose Maria Flotats («Encuentro de Descartes con Pascal Joven»); Carmelo Gomez («Dias de vino y rosas»); eta Jose Maria Pou («Los chicos d ela Historia»).
Euskal Herrian ekoiztutako ikuskizunik onenaren saria jaso dezakete aurten Tanttakaren «Comida para peces» lanak; Kampingagsen «Club de caballeros» lanak; Ramon Bareak zuzendutako «Enma» lanak; eta Markeliñeren «Terapia» lanak.
Antzerki ikuskizunik onenaren saria jasotzeko aukera dute «1984» lanak, «Trilogia della Villeggiatura»k, «Boris Godunov»ek, «Los cuernos de Don Friolera»k eta «Rain»ek. Sorkuntza dramatiko onenerako hautagaiak dira, bestalde, «Dias de vino y rosas», «La cena», «La omision de la familia Coleman», «Un Dios salvaje», «Urtain» eta «El tercer cuerpo».
Aktore errebelazioaren saria irabazteko aukerak dituzte Ruben de Eguiak, Georgina Llauradrok eta Antonio Zabalburuk; aktore multzoko hautagaiak dira, bestalde, Maria Jose Alfonso, Mamen Godoy, Enma Ozores eta Julia Trujillo.