GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Asmoak asmo, lan istripuen zerrenda, goraka

Urtea hastearekin bat asmoak ere berritu egiten dira. Maila pertsonalean horrela gertatzen baldin bada, gizarte mailan edota nazio mailan berdin gertatzen dela pentsa daiteke. Hala beharko luke, asmo hauetako asko bidean geratzen diren desio onak besterik ez direla jakin arren. Zaila da euskal gizartea bezalako giza-talde batean aldatu beharreko gauzen zerrenda egitea, eta are zailagoa zerrenda hori lehentasunen arabera antolatzen ahalegintzea. Hainbeste dira aldatu beharrekoak! Auzi politikoaz eta horren adierazpen desberdinez gain, hor daude genero indarkeria, aberastasunaren banaketa, hezkuntza, hizkuntza...

Urtea hasi orduko, ordea, aipatutakoekin batera beste zenbait auzi berriro azaldu dira, gupidagabe, asmoak asmo direla eta egitateak egitate direla gogoraraziz. Atzo eta herenegun bi langile hil ziren Nafarroan lan istripuen ondorioz. Urtetik urtera estatistikak berritu egiten dira, baina tamalez auzi horretan, estatistikatik harago, zerrenda luzatu besterik ez da egiten. Aurtengo lehendabiziko hildakoak dira, baina hori ez da kontsolagarririk, ez luke izan behar. Asmoen gainetik ekintzak daudelako eta ezinezkoa baita ezer ere egin gabe, lan segurtasunean edo prekarietatean neurririk hartu gabe, gauzak bere kabuz konponduko direla pentsatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo