GARA > Idatzia > Euskal Herria

Autonomia Kolektiboak begi onez ikusten du Bateraren galderaren eduki berria

Arantxa MANTEROLA |

Batera plataformak datozen hauteskundeen kari Ipar Euskal Herriko instituzionalizazioaz egingo duen galderaren edukia ontzat eman zuen atzo, Baionan, Autonomia Kolektiboak.

Gabi Mouescaren esanetan, «departamenduaren aipamena kenduta, herri-elkargoaren sortzeaz galdetzeak ateak zabaltzen dizkio beste aukerei, autonomiarenari barne». Gainera, galdeketak «ariketa demokratiko eta pedagogiko oso garrantzitsua» direla esan zuen, «herritarrei beren borondatea adierazteko aukera ematen zaielako».

Joan den igandean Martinikan eta Guyanan izandako erreferendumak ere hizpide izan zituen AK-k. Autonomiazaleentzat emaitzak «kaskarrak» izan diren arren, herri-galdeketa egin izanak frogatzen du posible dela estatus horri buruz ere iritzia ematea.

«Isilpean eta zatika»

Jean-Claude Agerrek, bestalde, Estatu frantsesean prestatzen ari diren lurraldeen erreforma «isilpean eta zatika» egiten ari direla kritikatu zuen. Bi euskal senatariei -Didier Borotra eta Annie Jarraud-Vergnolle- iritzia eskatu diete molde horietaz baina ez dute arraposturik ukan.

Hain zuzen ere, erreforma hori hauteskunde garaian «debatearen erdi-erdian» izango dela uste du AK-k. «Gizarteak bere oraina eta geroa bere gain hartzeko tresnak behar ditu eta, gure ustetan, egokiena autonomia da», esan zuen Mouescak.

Horrenbestez, Akitaniako Kontseilurako hautagai guztiengana joko dute-Front Nationalekoengana izan ezik- kanpainan Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren egoera instituzionalaz eta autonomiaren aukeraz beren iritzia boz eguna baino lehen azal dezatela eskatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo