Guardia Zibilak deklarazioak egitera behartu zuela salatu zuen Olanok epaile aurrean
Pello Olanoren abokatu Iker Sarriegik Infozazpi irratian egindako elkarrizketa batean adierazi zuenez, lizartzarrak epailearen aurrean salatu zuen Guardia Zibilak nahi zituen deklarazioak egin ezean, bera torturatzen jarraituko zutela esanez mehatxatu zutela.
GARA |
Madrileko Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak Pello Olano espetxeratzea erabaki aurretik, lizartzarrak haren aurrean salatu zuen torturatua izan zela Guardia Zibilaren eskuetan eman zituen bost egunetan. Olanoren abokatu Iker Sarriegik Infozazpi irratian egindako elkarrizketa batean azaldu zuenez, Guardia Zibilak behartu zuen lizartzarra egunotan zenbait komunikabidetan agertutako deklarazioak egitera. «Galderak eta erantzunak jartzen zizkioten eta hori deklaratzera behartu zuten, bestela torturatzen jarraituko zutela esanez mehatxatuz».
Guardia Zibilaren eskuetan eman dituen bost gau eta egunak «oso gogorrak» izan zirela aitortu zion Olanok bere abokatuari. Joan den ostiralean atxilo hartu zutenetik ez du beste inorekin hitz egiteko aukera izan, epailearen aurrera ere inkomunikatuta eraman baitzuten eta ofiziozko abokatuarekin deklaratu zuen Marlaskaren aurrean. Abokatuak esan zuenez, bost egun lo egin eta jan gabe igaro ostean, lizartzarra «argalduta, bizarra hazita eta itxura eskasarekin» aurkitu zuen; burua, ordea, «argi eta indartsu» zuela nabarmendu nahi izan zuen.
Urkullu, «datu gabe»
EAJren EBBko presidente Iñigo Urkulluri elkarrizketa batean, Olanok Guardia Zibilaren aurrean egindako deklarazioei buruz galdetu zioten, eta horren gaineko «daturik» ez duela esatera mugatu zen bera. EAJk beti gizakien eskubideak errespetatzea defendatu izan duela gaineratu zuen Urkulluk, baina lizartzarraren atxiloketaren gainekorik ezer ez dakiela adierazi zuen, eta ez zuela ezer esango. Bestalde, Olanoren kontrako akusazioak erabat sinesgarriak direla adierazi zuen PPk, eta EAJri esan zion ez dagoela erdibiderik zuzenbide estatuaren eta ETAren artean.
Sarriegik kritikatu zuenez, paradoxikoa da Marlaskak sinesgarritzat jotzea Olanok komisarian egindako deklarazioak, eta bere aurrean egindakoak, berriz, ez.