GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aurtengo Elkartasun Egunak euskal presoak sostengatuko ditu bereziki

A. M. |

Aurtengo Elkartasun Eguna, euskal preso politikoak daramaten borrokaren baitan kokatu du Askatasunak. Urtero egin ohi den ekimena urtarrilaren 17an burutuko da Larresoron.

Estatu espainolean bezala, frantsesean ere «espetxeratuen bizi baldintzak gero eta gogorragoak» direla gogorarazi du errepresiboaren aurkako erakundeak. Hortaz, egun hori baliatuko dute «presoen Kolektiboaren mezua zabaltzeko eta beren aldarrikapenak aurkezteko».

Bide batez, presoei ez ezik, haien senide eta lagunei ere «sostengua» helaraziko diete, bereziki «egun pairatzen dituzten eraso eta jazarpenaren aitzinean».

Ekimena eguerdiko hamabietan abiatuko da «zintzur bustitzearekin», bazkariari ekin aurretik. Arratsaldeko bostetan ekitaldi politikoa izango da eta, gero, Xutik taldearen kontzertuak emango dio amaiera egunari. Ekitaldi guztiak Larresoroko herri-aretoan izango dira.

Deialdiarekin bat

«Eskubide guzien jabe, euskal presoak Euskal Herrira!» lemak gaur egun «inoiz baino zentzu gehiago» duela nabarmenduta, Batasunak dei egin die militanteei eta herritarrei oro har, mobilizatzera eta Elkartasun Egunean parte hartzera.

Indar abertzalearen hitzetan, bi Estatuek daramaten espetxe-politika «suntsitzaileak porrot egin duen arren, presoen, beren familien eta sostengua erakusten dieten guztien sufrikarioa hedatzen segitzen du».

Egoera horren aitzinean, «mobilizatzea eta konpromisoak hartzea ezinbestekotzat» jo du «espetxe politika kriminalaren amaiera lortzeko».

Mobilizazioak

Bestalde, euskal presoen borrokaren baitan, mobilizazio ugari antolatu ditu Askatasunak. Gaur bertan, elkarretaratzeak izango dira, «larriki eri diren presoen eta dagoeneko baldintzapean kalean beharko luketenen askatasuna» eskatzeko, Angelun eta Uztaritzen 18.30ean; Donibane Lohizunen, Senperen, Hendaian eta Donibane Garazin, berriz, ordu erdi bat geroago elkartuko dira ohiko lekuetan.

Baiona eta Biarritzeko gazte asanbladek euskal preso politikoen aldeko kontzertua antolatu dute urtarrilaren 30erako, Mizanbu gaztetxean. Bertan, Gatazka (Urruñako gazte talde bat), DesKontrol, Txapel Punk eta Tortuga Sound System (Baionako gazte batzuk) taldeek joko dute.

Bestalde, euskal preso politikoen eskubideen defentsan mobilizazioak egin zituzten atzo Iruñeko Alde Zaharra (37), Arrosadia (30), Donibane (40) eta Txantrea (40) auzoetan, baita Berangon ere, 26 lagun batu zirela eta Basaurin 45.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo