Legez kanpoko exekuzioak burutu zituzten militarrak askatu dituzte Kolonbian
Gazte kolonbiarrak hil eta haien gorpuak gerrillarienak izango balira bezala ustez aurkeztu zituzten militarrak aske utzi dituzte epaileek. Erabilitako argudioa da epaiketa burutzeko epea agortu dela, baina hildakoen senideek argi dute bidegabekeria hutsa dela.GARA |
Bi gazte ustez bahitu eta hil ondoren, horien gorpuak gerrillarienak izango balira bezala aurkeztu zituzten zazpi militar askatzea agindu zuen asteazkenean Fernando Sarmiento epaile kolonbiarrak, uniformatuen aurkako epaiketa hasteko epea agortuta zegoela argudiatuta.
Julio Cesar Mesa eta Jonathan Soto gazteak bahitu eta hiltzeagatik ikertzen ari diren Gabriel Rincon Habad teniente koronela, kaporal bat eta bost soldadu profesionalen mesedetan hartutako erabakia da hori.
Kolonbiako legediaren arabera, atxiloturiko pertsona bat aske utzi behar da akusazio-idatzia aurkeztu eta 90 egunetara epaiketa hasi ez bada.
Militarren defentsak azaldu zuenez, akusazio-idazkia aurkeztu zenetik 215 egun eman dituzte atxiloturik eta epaiketa ez da hasi.
Nahiz eta militarrak askatzea agindu, Sarmiento epaileak Gabriel Rincon teniente koronela eta Medardo Rios soldadua Fiskaltzaren eskuetan uztea erabaki zuen, biak susmagarriak direlako, Norte de Santander estatuan izandako legez kanpoko beste exekuzio batean ere zerikusia izan dutelakoan.
Azken hiru asteetan susmopean dauden militarrak askatzeko beste agindu ugari plazaratu dituzte Kolonbiako epaileek. Horrela, legez kanpoko exekuzioetan inplikaturik zeuden 54 militarretatik 31 askatu dituzte. Horien artean, Cundinamarca estatuko Soacha herriko `positibo faltsuen' kasuan nahastutako 17 uniformatuak daude.
Erabaki hauek hartu dituzten epaileek, artean Sarmiento, argudiatu dute epaiketa burutzeko 90 egunak agortuak zirela.
«Elementu objektibo baten aurrean gaude, ezarritako epea agortu dela, eta horren aurrean ezinezkoa da beste erabaki bat hartzea», nabarmendu zuen Fernando Sarmiento epaileak.
Militarrak askatuko dituzten albistea negar zotinka jasotzen dute hildakoen amek. Horietako askok heriotza mehatxuak jaso dituzte. «Ez dugu justiziarik izango».