GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Euskal musika existitzen den lekua

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Zergatik kantatzen dugu dutxan Laboa eta Xalbadorren «Herria eta Hizkuntza», euskal musika ez bada existitzen? Oso erraza da, dutxan guztiok pentsatzen dugulako ongi kantatzen dugula. Baina baita badakigulako ere, zorioneko salbuespenak salbuespen, dutxan bakarrik gaudela. Geu, xaboia, ura eta kantua... Horregatik, deiadarka ere hasten gara, gure belarri musikal hondatuaren eskutik, lotsarik gabe. Badakigu dutxan ez duela merezi aldarrikapen kulturalik egitea, geuk bakarrik entzuten dugu geure burua eta zertarako beste ezertan saiatu? Baina era berean, dutxa bilakatzen da gure azken lubakia, euskal musikaren azken babeslekua.

Dutxan, bai, dutxan existitzen da euskal musika; zergatik? Ez dakit, ziurrenik euskal-musika zalea existitzen delako, gure bakardade biluz eta heze horretan zaleok bilakatzen dugulako kantu mordo bat, inspiratu edo topikoago, lerdo edo argiago, orijinal edo jakinago... musika genero. Horrelakoetan bilakatzen ditugu askotan esanguratsu eta garrantzitsu kantuak, gure intimitatean bederen. Baina, dutxatik ateratzean, zer?

Gatozen musikatik ihesik egin ezin duzun mundu honetara, bertan kantuak saldu eta erosi egiten dira, kantuak inposatu egiten dira, kantuak fabrikatu egiten dira (hozkailuak, autoak edota fajak bezala), kantuak mozorrotzen dira... Xaboia kendu eta lehortzearekin batera, irratia jartzearekin soilik, jabetzen gara. Ondoren datoz, autobusa, bankua eta dentistaren bulegoa..... taberna, parkea eta hipermerkatua eta desiratzen gaude noiz itzuliko gure zulora, dutxara, non musikak baduen oraindik zentzurik. Baina, hain da handia desioa!

Kantari hasten gara ahopeka igogailuan, eta kantari egiten dugu lantokitik aparkalekura dagoen bidea, eta norbaitek harriturik begiratzen gaitu txistuka goazelako eskaileretan gora. Aizue, geure burua babesten ari gara. Musikari zentzu primigenioa itzultzen diogu apur batean, eta gainera, horrela musikak pentsatzen laguntzen digu. Horrela une batez, intimitatean, berriro lortzen dugu eguneroko mirari txiki hori, non euskal musika benetan existitzen den. Barka iezadazue gehiagotan edota gutxiagotan dutxatzen zaretenok...

Natorren harira, horrela, gure dutxaren hankaz gorako mundu horretan zaleak dauden bitartean existituko da euskal musika, eta ez besterik. Azkenik, euskal musikaririk gabe existituko da euskal musika. Industriarik eta komunikabiderik gabe existituko da euskal musika.

Bilaka dezagun dutxa bakoitza musika zaletasunaren gotorleku garaiezina... desafinatu gogoz!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo