GARA > Idatzia > Ekonomia

Euskal Herriko Laborantza Ganberak bost urteko ibilbidea ospatuko du gaur

GARA | AINHIZE-MONJOLOSE

Gorabehera askorekin bada ere, bost urte igaro dira Euskal Herriko Laborantza Ganbera (EHLG) sortu zenetik. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako nekazaritzaren berezitasunari erantzuteko eratutako egituraren ibilbidea errepasatuko dute gaur, goizeko hamarretatik goiti, Ainhize-Monjoloseko egoitzan.

Hain zuzen ere, bost urteotako jardunaren bilana izango da biltzarraren lehen aztergaia. Egindako bideari so egin ostean, ordea, etorkizunekoari helduko diote 2010eko perspektibak eta lan-ardatzak jorratuz. Webgune berria aurkeztuko dute, eta jarraian, otsailaren 18an EHLGren eta bere lehendakari Mixel Berhokoirigoinen aurka Paueko Auzitegian izango den dei-epaiketa izango dute hizpide.

Epaia eta helegitea

Iazko batzar nagusia ere epaiketaren testuinguruan egin zen. Laborantza Ganbera ofiziala «ordezkatzeaz» akusaturik, urtarrilaren 29n izan zen Baionan lehen epaiketa. Bai elkartea, bai lehendakaria errugabetzat jo zituzten. Alta, aste batzuk geroago, Estatuko abokatuak helegitea jarri zuen.

Gaurkoan, halere, ez da faltako ospakizun giroa, batzarraren ostean, bazkaria eta dantzaldia izango baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo