Sinesgarritasun kontua bada, galdetu dezatela
Sakelako telefono baten deiaren beldur, infernurako deia balitz bezala. Hala eman zuen Pello Olanok Guardia Zibilaren kuarteleko ziegan egon zen denbora. Ziegatik kanpo, ordea, hitzek nekez deskriba dezaketen oinazearen mende. Gogorra egiten da Olanori egindako elkarrizketa irakurtzea. Eta ez da euskal herritar batek emandako gisa honetako lehen testigantza, hamarkada askoan maiz, maizegi, errepikatu direnetan azkena baizik.
Auzitegi Nazionaleko epaileak ez zuen sinistu Pello Olanok epailearen aurrean bere borondatez esan zuena; baina bai, Guardia Zibilak dioenaren arabera, beraien aurrean deklaratu omen zuena. Epailearen erabakia ikerketaren emaitzak behar du gidatu, baina polizia etxeetako «ikerketa» bideak atxilotuaren erruduntasun aitorpena lortzera mugatzen direnean, berme juridikoak hutsaren hurrengo dira, areago nazioarteko hainbat erakundek egindako tortura saihesteko neurriak abiatzeko eskaerari Gobernuak behin eta berriz muzin egiten dionean. Edonola ere, sinesgarritasun kontua bada, galdetu dezatela Lizartzan, Burlatan edo Amurrion Olanok salatu duen tratu ankerra sinisten dutenetz. Guantanamon edo Abu Ghraiben giza eskubideen urraketa larria eta aberrazio nabarmena dena Europar Batasuneko estatu batean saihesteko, Estatuko polizia indarrek jarrera aldatzea baino gehiago behar da, horiek torturaren kateko lehen begia baino ez dira-eta.