GARA > Idatzia > Kirolak

TRINKETA

Waltari, lur motelean ere joka dezakeela erakustera

J.L.

Ikusmin handia piztu du gaur arratsaldean Azkaineko trinketean izango den desafioak. Bertan Waltari eta Ezkurra arituko dira nor baino nor buruz buru, 17.00etan. Orain dela hiru aste neurtu ziren azkeneko aldiz bi pilotari hauek elkarren aurka, eta orduan kubatarra izan zen onena, 40 eta 30 irabazita. Beti esan izan da, amerikarraren jokoa dezente jaisten dela kristalezko trinketetatik kanpo. Superprestigioan erakutsi zuen, ordea, betikoetan ere badakiela jokatzen.

Azkainekoaren zorua, ordea, oraindik eta motelagoa da, eta hor ere jokatu dezakeela erakutsi nahi du. Beretzat lurra azkarra izatea garrantzitsua da, pilota abiadura biziz ibiltzen baitu, baina gaurkoan beste erabateko trinketa izango du.

Ezkurrarentzat oso egokia da Azkainekoa, bere jokoari primeran datorkio, eta azken partidetako bolada txarrari amaiera emateko baliatu nahi du, izan ere Waltari bihurtu baita urruñarraren amesgaiztoa. Dirua kubatarraren alde aterako da.

Buruz Buruko Txapelketan, bi kanporaketa jokatuko dira, eta oraingoan final-zortzirenak izango dira. Bihar 16.00etatik aurrera Senperen jokatuko dituzte.

Lehen partida oso erakargarria izango da, bertan Etxeto eta Harizmendi neurtuko dira. Puntan ibiltzeko bi pilotari dira, eta ikusmina ziurtatu beharko lukete. Harizmendik jadanik kanporaketa bat gainditu du Sorhuet menderatuta, eta oso goian ibil daitekeela erakutsi zuen.

Etxeto, berriz, lesio larri bat gaindituta dator, eta ikusgai dago bere jokoa nolakoa izango den. Binaka ongi dabil, baina banaka gauzak asko aldatzen dira. Beste kanporaketan, Alfarok Etxeberriren aurka jokatuko du, eta azken hau aterako da faborito. Alfarok lehen partida irabazi egin zuen Lazkanoren aurka, eta Etxeberrik, lehen partida du aurtengo Bakarkakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo