Xabier Izaga | Irakaslea
Paradoxak
Euskal gatazka edo Espainiaren eta Frantziaren Euskal Herriko gatazka, eta euskal preso politikoak bereziki, paradoxa iturburu agortezina izan dira eta dira. Ez dakit nor eta noizko diren lehen euskal preso politikoak. Nafarroako mariskala edo Bernat Etxepare ez dira lehenak. Nolanahi ere, horiek XVI. mendekoak dira, eta nik, egia esateko, ahaztuta samar ditut sasoi hartako bizipenak; horrenbestez, euskal preso politikoen sakabanaketa abiatu zutenetik sumatutako zenbait paradoxa ekarriko ditut hona.
Badira, urtarril honetan hain zuzen ere, hogeita hiru urte Herrerako kartzelan ziren hainbat euskal preso hiruzpalau kartzelatan zehar barreiatu zituztela. Horrela abiatu zuten oraindik indarrean dagoen sakabanaketa delako espetxe politika. Euskal presoak «ETAren kontrolpetik askatzeko». Izan ere, sakabanaketa presoen mesederako neurria omen zen, presoek kontrol horretatik itzuri nahi omen zuten-eta. Horregatik ezarri zizkieten bizi-baldintza jasanezinak eta beraien senideei sufrimendua areagotu. Hala ere, presoak sakabanaketaren aurka agertu eta hura salatzeko borrokari ekin zioten hasieratik. Borroka haiek, ordea, ETAren kontsignei jarraitzea ziren, garaian garaiko gobernuaren arabera. Paradoxikoa.
Hogeita hiru urte igaro eta ura bere bidean. Euskal preso politikoak borrokari ekin berri diote. ETAk ezker abertzalearen proposamenarekin bat egiteko zain daudela esan ziguten ikerketa gune nagusi -eta bakarra- Barne Ministerioa duten hedabideek baina, aldi berean, haien borroka ETAren agindua betetzea dela diote, ezker abertzalearen eztabaida bertan behera uztea helburu omen duena. Hara paradoxa.
Euskal presoen kolektiboak jokabide arau batzuk izan ditu beti eta baditu oraindik, eta arau horiek betetzen ez dituztenak kolektibotik kanpo geratu dira, orain eta orain dela 30 urte. Bestetik, kolektibo horretako preso guztiak ez dira -ezta hurrik eman ere- ETAko presoak. Eta badira ETAkoak izandako presoak kolektiboan ez daudenak, orain eta orain dela 30 urte. Barne Ministeriotik heldutako jarraibideak hitzez hitz kopiatzetik harago ez doan analisi gaitasuna duten analista burutsuek, ordea, askoz azalpen sakonagoak emango dizkigute horretaz guztiaz, baina presoen borrokaren kausak oraindik aipatu ere ez dituzte egin.