GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko lehiaketa

Beteranoen eta gazteen lanak, Leitzan ikusgai

Lehen fasea erabakita geratuko da C multzoan, gaur azkeneko saioa izango baita. Olano eta Saralegi, Rekondoren eta Atutxaren aurka arituko dira. D multzoan ere gauzak dezente argituko dira.

p044_f01_15552.jpg

Jon LEUNDA

Urrezko Aizkoran, jardunaldi erabakigarria izango da bai D eta bai C multzoan ere. Azken hau erabakita geratuko da, gaur Leitzan 19.00etatik aurrera jokatuko baita lehen faseko azkeneko saioa, eta D multzoan, berriz, Etxebestek eta Olasagastik zer egiten duten, horren arabera egongo da. 19.00etan hasiko da.

Izan ere, Igeldoko bikoak gaur Ugartebururen eta Azurmendiren aurka jokatuko dute. Lehen jardunaldian Donato eta Ohian Larretxearen aurka galdu egin zuten, eta beraientzat gaurkoa da lehen fase honetako azkeneko saioa. Galtzen badute, kanpoan geratuko dira, eta irabazten badute, azkeneko jardunaldira arte itxaron beharko lukete, gaur aurrean duten bikoak, Azurmendik, eta Ugarteburuk, alegia, zer egiten duten ikusteko. Azken hauek lortzen badute garaipena, berriz, sailkatuta geratuko dira, eta azkeneko jardunaldia larretxeatarren aurka lehen postua izango lukete jokoan.

Saio estua iragartzen da, eta aurreikuspen zailekoa. Laurak ere eskarmentu handikoak dira, eta edonork irabaz lezake. Zutikako lanetan egon omen daiteke gakoa, edo hori diote behintzat adituek. Hor Igeldoko bikoa oso ongi moldatzen da, eta abantailaren bat izan dezakete bi beteranoek.

Beraz, etzandakoetan atera nahiko dute aldea Azurmendik eta Ugarteburuk, nahiz eta azken hau ere zutikako lanetan oso ongi moldatzen den. Dena dela, saio ikusgarria iragartzen da, eta bertaratzen diren zaleek, seguruenik ere saio polit bat ikusteko parada izango dute, laurak ere maila handiko aizkolariak baitira.

Beste saioak ere ikusmin handia piztu du, eta bertan Leitzako hiru gazte izango dira. Rekondo, Olano eta Saralegi, hirurak ere Leitzakoak, eta hirurak oso gazteak oraindik. Rekondo Atutxarekin bikoa osatuz arituko da, eta beste biak elkarrekin. Olano eta Saralegi ez ziren maila nagusian aritzekoak, baina Otaño eta Lasa ordezkatu dituzte, biak ere min hartuta daudelako.

Multzo honetan bai erabakiko dela dena, azkeneko saioa delako. Lehen neurketa irabazita datoz Rekondo eta Atutxa, eta gaurkorako ere faborito dira. Saralegik eta Olanok, berriz, galdu egin zuten estreinako jardunaldian, eta aukerak gutxituta datoz, nahiz eta gaur garaipena lortuko balute gauzak aldatuko liratekeen.

Bizkaitarra eta nafarra gailentzen badira, multzoko lehenengoak izango dira, eta beraiekin batera Mugertza I.a eta Etxeberria sailkatuko dira. Bi leitzarrek garaipena erdietsiko balute, berriz, hiru bikoak puntu banarekin, eta garaipen banarekin geratuko lirateke, eta orduan denborak, eta elkarren aurkako neurketa guztiak aztertzen hasiko beharko dira.

Hala ere, zaila dirudi Atutxa eta Rekondo mendean hartzea. Hauek oso indartsu daude, eta lantegi hau oso aproposa da beraientzat. Dena dela poztekoa da gaurkoa, izan ere neurketa honetako aizkolaririk zaharrenak ez baititu 25 urte gainditzen, eta laurak ere oso maila onean ari dira. Rekondo eta Atutxa, aurten igo dira Euskal Herriko Lehen Mailakora.

Bigarren Mailakoa Lekunberrin hasiko da

Bigarren Mailako Txapelketak badu azkenean abiatzeko data: urtarrilaren 24a izango da. Egun horretan jokatuko da lehen kanporaketa Lekunberrin, eta bertan Beltza eta Vazquezek Erdozia eta Saralegi II.aren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Txapelketa hau lehen aldiz jokatuko da, eta bertan antolatzaileek aizkolari gazteei eta horren gazteak ez direnei aukera eman nahi izan diete. Orain arte, maila nagusikoa, 23 urtez azpikoa eta 18 urtez azpikoa jokatu izan dira, baina aurten lehen eta bigarren mailakoak egin dituzte, dena bi mailetan utziz, horrela aizkolari gehiagok jokatzeko aukera izateko.

J.L.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo