GARA > Idatzia > Euskal Herria

Krisiak astindu arren, sagardotegiek ateak ireki dituzte, penak kitatzeko

Aurtengoa sagar urtea izan ez den arren, uztak utzitakoa ospatu beharra dago. Txotxerako deiarekin batera eta antzinako lan tresnak giroa berotzeko baliatuz jardun eta ahaleginen emaitza dastatu zuten nafar kirolariek Lesakako Linddurrenborda sagardotegiko kupelen bueltan, Nafarroako sagardotegi denboraldiari hasiera emanez.

p021_f01_132x123.jpg

Oihana LLORENTE

Eguraldia lagun eta giro ezin hobean egin zuten 2010. urte honetako lehen txotxa nafarrek. Lau eta Erdiko txapela jantzi duen Sebastian Gonzalez izan zen sagardoa dastatzen lehena, denboraldia irekitzeko ohorea azkaindarrari eskaini nahi izan dio-eta Nafarroako Sagardotegien Elkarteak.

Gonzalez ez zen Lesakako Lindurrenborda sagardotegian aurki zitekeen aurpegi ezagun bakarra, Nafarroako kirolariek ez baitzuten hutsik egin sagardoaren festan. Mikel Goñi edota Iñaki Otxandorena pilotariak ere bertaratu ziren, baita Xabier Zandio txirrindularia ere. Osasunako Oier Sanjurjok, Jokin Esparzak eta Roberto Santa Mariak ere entrenamenduak alboratu eta bazkari goxoaz gozatzeko tartea hartu zuten.

Emakume gutxi izan ziren denboraldi hasierako ekitaldian, baina bertan izan ziren Itxako eskubaloi talde arrakastatsuaren ordezkari Naiara Egozkue jokalaria eta taldeko presidente Miguel Bujanda.

ohiturari eutsiz

Antzina, sagardoaren zanpatzeari zegokion festaren musika omen zen kirikoketa eta atzoko hitzorduan ez zuen hutsik egin. Adarraren eta ttun-ttunaren doinuek ere kirolarien arreta eta txaloak jaso zituzten.

Bertsolari handien izenak zituzten kupelak han ziren, eta ekitaldira bertaratutako nafar kirolariak, dastatzeko prest.

Nafarroan baina lapurtarra atzoko protagonista Lesakan. Sebastian Gonzalezek «hau da sagardo berria!» esan, eta eztanda egin zuen festak, trikiti doinuak testigu.

Segundo gutxiren buruan, ilara luzea osatu zen kupelen artean, denak edalontzia eskuetan eta euren txanda noiz iritsiko zain. Azkaindarraren iritziko, nafar sagardoa «goxo-goxoa» zegoen, eta ez zen uste horretako bakarra, denbora aurrera joan ahala «txotx!» deiak gero eta sarriago entzuten ziren-eta.

Sagardoa edateaz gain, ondo baino hobeto jan zuten Linddurrebordara bertaratutakoek, ezin egokiago prestatutako bakailao tortilla, bakailao frijitua piperrez lagundurik, eta txuleta irentsi baitzuten kirolari eta irekieraren berri emateko han izan ziren kazetariek.

Lesakako Linddurrenbordarekin batera, Lekarozko Larraldea, Berueteko Txasenekoborda eta Behetxonea, Aldazko Martitxonea eta Lekunberriko Toki Alai sagardotegiek abiatu zuten sagardo denboraldia; horiek guztiek osatzen dute Dolarea, Nafarroako Sagardotegien Elkartea.

Galiziako sagarra

Juan Mari Lopezek, Linddurrenborda sagardotegiko arduradunak, aurtengoa ez dela sagar urtea izan aitortu zuen komunikabideen aurrean eta sagar ugari Galiziatik ekarri behar izan dutela gaineratu zuen; % 70, hain justu.

Lopezek gogoan izan zituen Bortzirietan egoera ekonomiko larrian diren langileak. Gogora ekarri zuen inguruan enplegu erregulaziorako espedienteak ezarri dituzten enpresa ugari dagoela, eta kaleratzeak ere ohikoak izan direla. Egoera honek sagardotegi denboraldian eragina izango duen beldur, atzo hasi eta maiatzera arte iraungo duen sasoian, «lan asko egin» nahi dutela esan zuen Lopezek.

Nafarroa osoan 300.000 litro sagardo ekoitzi dituzte aurtengo denboraldirako eta horietatik 20.000 inguru Linddurrenbordan. Kirolariek ordea, horietako batzuk hustuko zituzten atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo