GARA > Idatzia > Mundua

Japoniak amaitutzat jo du AEBei Afganistanen ematen dion laguntza

Japoniak ez die laguntza gehiagorik emango AEBei Afganistanen. Hala agindu zuen Defentsa ministro Toshimi Kitazawak. Urez eta fuel-olioz hornitzen zituen han zeuden itsasontziak. Orain agintean dagoen Alderdi Demokratikoa laguntza horren kontra egon da beti.

p026_f01_148x108.jpg

GARA |

Hauteskundeak irabaztekotan, duela zortzi urtetik Ameriketako Estatu Batuei Afganistanen ematen zien laguntza bertan behera utziko zuela agindu zuen Alderdi Demokratikoak. Emandako hitza bete zuen atzo. Afganistanen dauden itsasontzi militarrei ur eta fuel-olio gehiagorik ez emateko agindu zien itsasontzi japoniarrei Toshimi Kitazawa Defentsa ministroak. Indiako Ozeanoa zeharkatzen zuten gai horiek eramateko.

Abuztura arte agintean egon zen Alderdi Liberalari Japonian izaera «bakezalea» urratu izana leporatu ohi zion Alderdi Demokratikoak. Atzerri politikari dagokionean, Ameriketako Estatu Batuenganako menpekotasuna murriztearen alde egin zuen hauteskunde kanpainan.

2007an, Legebiltzarrean egin zuen presioari esker, itsasontzi japoniarren itzulera lortu zuen. Baina, eskuindarrak berriro bidali zituen 2008ko hasieran.

Agintea eskuratu bezain laster, erabakiaren berri eman zion Etxe Zuriari Alderdi Demokratikoak. Herritarrak ere laguntza horren kontrakoak ziren.

Bere aliatua lasaitu nahian, Afganistan berreraikitzen laguntzeko bost urteko epean 5.000 milioi dolar emango dituztela helarazi zuen Yukio Hatoyama lehen ministroak. Diru hori talibanak armak utz ditzaten, Kabul berreraikitzeko, polizia afganistandarrei ordaintzeko eta nekazaritza sustatzeko erabiliko da. «Afganistanen bakea eta egonkortasun ekonomikoa bermatzeko garrantzitsutzat jotzen dugu zuzeneko laguntza zibila», plazaratu zuen.

«Terrorismoaren kontrako gudan, nazioarteko ahaleginekin bat egiten dugu eta horiekin kolaboratzen jarraituko dugu», gaineratu zuen. Dena den, ez zuen zehaztu nola egingo duten.

Bestalde, Atzerri ministroak, Katsuya Okadak Itsasoko Autodefentsa Indarren lana ikertzeko eskatu zuen. Indiako Ozeanora eramandako fuel-olioa, Afganistanera bideratu beharrean, Irakeko gerran erabili dutela salatu dute hainbat taldek. Salaketa horrek zalaparta handia sorrarazi zuen Legebiltzarrean 2007an.

Azken hogei hileetan, militar japoniarrek 510.000 kilolitro erregai eraman dizkiete hamabi herrialdeetako ontziei, tartean, AEBetakoak, Estatu frantsesekoak, Britainia Handikoak eta Pakistangoak.

Asteburu honetan, «Mashu» itsasontzia eta «Ikazuchi» destruktoreak itzulerako bidaia hasiko dute. Japoniara hogei egun barru iritsiko dira.

OKINAWA

Alderdi Demokratikoak Okinawako basea murriztu nahi du. Artxipelagoan dauden 47.000 soldadu estatubatuarren erdiak daude bertan eta horien kontra salaketa ugari egon dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo