GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Comparada con los cinco días pasados, la cárcel es el cielo»

p006_f01_199x112.jpg

PELLO OLANO
GUARDIA ZIBILAK ATXILOTU ETA ESPETXERATUA
Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazional espainoleko epaileak kartzelara bidali zuen joan den asteartean, nahiz eta bere aurrean salatu zuen Guardia Zibilaren eskuetan emandako bost egunetan torturatua izan zela eta gezurra zirela komisarian egindako deklarazioak. Atxilotzen duten laugarren aldia izan da, baina azaldu duenez azken hau gogorrena izan da «prestatuago baitaude eta metodo sofistikatuagoak erabiltzen dituzte fisikoki eta psikologikoki».

Gari MUJIKA | DONOSTIA

1980ko hamarkadan hiru aldiz izan zen atxilotua Pello Olano. Orduan inkomunikazio aldiak hamar egunera arte luzatzen ziren, baina azken atxiloketa honetan guardia zibilaren eskuetan eman dituen bost egunak «gogorragoak» izan direla aitortu du espetxetik, GARAk egin dion elkarrizketan.

Espetxeratu bezain laster jakinarazi zenuen guardia zibilen esku izandako tratua, eta epailearen aurrean ere salatu zenituen torturak...

Bai. Oso egun gogorrak izan dira, tentsio handikoak. Ziegan denbora gutxi egin dut, eta ia denbora guztia galdeketa gelan pasa dut, zutik, eskuak atzean... Ziegan nengoe- nean sakelako telefono dei baten soinuaren zain egoten nintzen. Izan ere, telefonoak jotzen zue- nean, galdeketa gelara eramaten ninduten. Horren guztiaren helburua erantzunak prestatzea zen, hau da, deklarazioa prestatzea, abokatua etortzean beraiek nahi zutena esan nezan.

Gainera, oraingoarekin, hirugarren aldiz jasan duzu horrelako egoera, ezta?

Ez, hau laugarren aldia da. Aurretik hiru aldiz egon naiz atxilotuta, 80ko hamarkadan: bi alditan polizia nazionalek, eta bestean, guardia zibilek atxilotu ninduten. Garai hartan hamar egunekoa izaten zen inkomunikazio aldia, baina hala ere, oraingoa beste hiru haiek baino askoz ere gogorragoa izan da. Prestatuago daude eta metodo sofistikatuagoak erabiltzen dituzte, bai fisikoki, bai psikologikoki. Gaur egun ez dizute markarik uzten, baina gogorragoa da. Orduan, adibidez, kolpeak zuzenean ematen zizkizuten (listinarekin...); orain, poltsa erabiltzen dute. Oso gogorra izan da. Poltsa ezartzeko ere postura berezi batean jartzen ninduten: lurrean buruz behera, eskuak atzean lotuta, manta batzuk gainean eta hiru pertsona nire gainean eserita. Bitartean, beste batek buruan poltsa sartu, eta oihuka, mehatxuka... aritzen ziren etengabe. Galdeketetarako ere prestatuago daude.

Azken urteotan, gainera, Lizartzan bizi den egoera politikoarekin jo puntuan izan zaituzte. Horren gainean ere galdeketak izan al zenituen?

Galdeketarik ez. Regina Otaola oso pozik egongo zela esaten zidaten.

Nola gogoratzen dituzu inkomunikaturik igaro zenituen bost egunak?

Donostiatik Madrileko bidaia eskuak bilurrez lotuta egin nuen, eta buruan kaputxa edo antzeko zerbait nuela. Lau guardia zibil eta ni, autoan. Muturrekoak ematen hasi ziren, eta bide osoan biderketak esaten joan behar izan nuen, behin eta berriro gelditu gabe. Madrilera iristean, Guardia Zibilaren kuartelean, ziega batean sartu ninduten.

Handik berehala galdeketa gelara eraman ninduten, eta han galdeketak egiten hasi ziren, betiko mehatxuekin... Ordu batzuk horrela igaro ondoren, berriro ere beheko ziegara. Telefonoaren soinuarekin, berriro galdeketa gelara. Orduan, jada poltsa ezartzen hasi ziren, lehenago azaldu dudan postura horretan; hiru aldiz gutxi gorabehera. Orduan, pixa egin nuen gainean. Arropak aldatu zizkidaten eta guardia zibilen galtzak jantzi zizkidaten.

Hala ere, berriro ere galdeketa gelara eraman ninduten, eta beste lau aldiz errepikatu zuten poltsarena, postura berezi horretan. Orduan, konortea galdu ez nuen arren, zorabiatu egin nintzen. Berriro ziegara jaitsi ninduten. Ordu pare bat igaro ondoren, berriro ere galdeketa gelara eraman, eta lauzpabost orduko galdeketa egin zidaten. Ordutik aurrera, egunak ez ditut kontrolatzen. Mediku foren- seari galdetzen nion eguna eta ordua. Berari kontatu nion jasaten ari nintzen guztia, hark ez zidan ezer esan, baina zerbait idazten zuen.

Egun batez, nahiko lasai utzi ninduten, haiek egiten zizkidaten galderak nola erantzun behar nituen ikasteko. Dena ondo ikasi ondoren, galdeketetan parte hartutako guardia zibilak etortzen ziren, mehatxu eginez, deklarazioa ondo egin behar nuela-eta, bestela, poltsarena errepikatuko zutela. Jarraian deklaratzera eramaten ninduten. Azken egunera arte iraun zuten galdeketek.

Eta epailearen aurrean izan zinenekoa?

Epaileak nire kontrako akusazioa irakurri zuen. Nik ez nuela deklaratuko esan nion, eta Guardia Zibilaren eskuetan gertatutako guztia kontatu nion. Esan nion, guardia zibilei deklaratutako guztia gezurra zela, erantzunak beraiek prestatzen zituztela eta deklarazioa ikastera behartu nindutela.

Bertan, dena ukatu eta torturatua izan zinela agertu zenion epaileari?

Esan bezala, dena ukatu nuen eta jasandako tratua zehatz-mehatz azaldu nion. Epaileak guztia entzun zuen eta ez zuen ezer esan.

Fiskalak galdera bat egin zidan: ea zergatik ez nuen ezer jan bost egunetan. Galdera oso ona zela erantzun nion nik: janez gero, indartsuago egongo nintzela, eta beraz, tratu basatiagoa jasoko nuela. Jan gabe, ahulago nengoen, eta tratua hobea izateko esperantza nuen...

Zure umearekin ere mehatxuak egin zizkizutela salatu duzu...

Umetxoa, emaztea... psikologikoki presionatzeko erabiltzen dituzte, burua jateko eta errudun sentitzeko.

Zure kasuak, esaterako, EAJko Joseba Egibarrek zuk guardia zibilen eskuetan jasotako tratuaz zalantzak azaltzea ere ekarri du. Zer deritzozu?

Lotsagarria da Egibarrek oraindik ere tortura existitzen ote den zalantzan jartzea, eta argi ez salatzea, azken 40 urteetan sistematikoki erabili izan denean.

Zer moduz zaude une hauetan?

Familia eta lagunak ditut buruan. Haiek ikusteko irrikatzen nago. Bestela, ondo nago. Hemen ez dago telefono haren soinurik, goiko galdeketa gelara eramango zaituen harena, eta beraz, askoz lasaiago nago. 80. urteetan Carabanchel-en sartzen zintuzten eta orduan, 30 kide aurkitzen zenituen. Orain berriz, bakartu egiten zaituzte, inorekin kontakturik izan gabe... Hala ere, igarotako bost egunekin alderatuz, hau zerua da. Badakit herrian, Lizartzan, mobilizazioak egin direla. Mugitu den jende guztiari eskerrak eman nahi dizkiot, eta bide horretan jarraitzeko esan. Herri kastigatua izan da Lizartza, baina jakin du erantzuten eta harro gaude. Jendea animatzeko esango nuke, eta oztopo guztien gainetik, herri honetara askatasuna eta bakea ekarri behar dugula, denon hobe beharrez.

Lizartzako zahar batekin asko hitz egiten dut eta hark hauxe esaten dit behin eta berriz: Monzonek esaten omen zion, borroka luzea, latza eta gogorra izango dela, baina oztopo guztien gainetik, aurrera egingo genuela. Eta horrela egingo dugu.

MANIFESTACIÓN

Decenas de personas participaron ayer por la tarde en la manifestación celebrada en Tolosa para denunciar la situación que ha atravesado y que pasa Pello Olano.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo