ERRUGBIA Europako lehiaketak
Anoeta begi bistan du Biarritzek
Biarritzek Gloucesterren zelaian jokatuko du 15.00etatik aurrera, eta puntu batekin final-laurdenetako txartela segurtatuko luke. Zuri gorrien asmoa, ordea, lehen faseko talderik onena izatea da, eta garaipenaren bila aterako dira lehen minututik.
Jon LEUNDA
Geldialdirik gabe egin behar du hemendik aurrera Biarritzek Anoetarako bidea. Lapurtarrek gaur Gloucesterren zelaian jokatzen dute, eta puntu batekin jadanik final-laurdenetarako sailkatuta egongo lirateke, baina zuri-gorrien helburua orain ez da hori. Une honetan, multzo guztietako taldeen puntuak hartu, eta beraiek dira lehen fase honetako onenak, eta final-laurdenak etxean jokatzeko modua izango lukete.
Horixe da, izan ere, zuri-gorrien oraingo helburua. Jakin badakite hurrengo fasean izango direla, baina final-laurdenak Anoetan jokatzea dute asmoa, eta horretarako garaipenak pilatu behar dituzte, badaezpada. Gainera, orain arte jokatutako partida guztiak ere irabazi egin dituzte, eta lehen fasea garaipenekin bakarrik amaituko balute, errekor eder bat jarriko lukete, lehiaketa honetan hori lortzea oso zaila baita.
Beste sari batzuen bila
Hala ere, oraindik bi partida dituzte jokatzeko, eta horiek gainditzea da euskaldunen asmoa. Izan ere, lehen faseko onenak izateak sari bat baino gehiago ekartzen ditu. Hasteko, final-laurdenak etxean jokatuko lituzke, aurrez aipatu bezala, Anoetan; eta hori gaindituko balute, finalerdiak berriro ere etxean jokatzeko parada izango lukete, bigarren fasetik aurrera kanporaketak partida bakar batean erabakiko baitira.
Gloucester Biarritz baino gutxiago da, edo hori da behintzat Agileran erakutsi zuena, euskaldunek astindu handi samarra eman baitzieten. Beraz, gaur ere garaipena lortu behar luketela uste dute gehienek, baina gauzak alda daitezke, ingelesek ere asko baitute jokoan. Hurrengo fasean izan nahi baldin badute, garaipena behar dute. Jakin badakite geratzen zaizkien bi partidak irabaziz eta Biarritzek azkenekoa galduta ere ia ezinezkoa dutela lehen postua lortzea, baina bigarren onenek ere izango dute aurrera egiteko aukera, eta hori da beraien ametsa. Horretarako, gaur 15.00etatik aurrera, Biarritz menderatu behar dute. Biarritzek 18 puntu ditu, Gloucesterek 8 eta Newportek eta Glasgowk 5.
Jokalariei dagokionez, baja garrantzitsuak izango ditu talde euskaldunak. Yachvilik eta Traillek min hartu zuten pasa den asteburuan eta bietako inor ez da izango gaur jokatzeko moduan. Jaurtitzailearen baja garrantzitsua da, aurten oso sasoiko baitzebilen. Barcella ere ez da erabat osatu, eta azkeneko unera arte ez da jakingo jokatuko duen ala ez.
Entrenatzaile aldaketa
Baionan, berriz, gauzak nahiko nahasiak dabiltza, izan ere Ligako emaitzak ez dira onak, eta hori agerian jarri da aste honetan, Mentieres eta Coyolam entrenatzaileak kanporatu eta Christian Gajan ekarri baitute egoera konpontzeko asmoarekin, nahiz eta zaila izango den.
Hasteko, European Challengeko neurketa izango du gaur 20.45etik aurrera Racing Metroren aurka. Entrenatzaile berriak esan du, partida garrantzitsua izango dela, gaur garaipena lortzeak indar handia emango dielako. Lehiaketa honetan, zuri-urdinek irabazi egin zuten Parisen. Ligan, ordea, orain dela aste gutxi neurtu ziren Baionan, eta orduan frantziarrek lortu zuten garaipena. Une honetan hirugarren dago Aviron, eta bigarren Racing, euskaldunei bi puntu kenduz. Gaur garaipena lortuko balute, multzoko bigarren postua segurtatuko lukete, azkeneko jardunaldian Erromaren aurka jokatuko baitute, eta hor ez lukete inongo arazorik izan behar. Lehen postua, berriz, London Wasps taldeak segurtatuta dauka.
Zergatik aukeratu duzu Aviron?
Eskaintza bera oso interesgarria zen, baina horretaz gain bazeuden arrazoi gehiago ere. Hasteko, European Challengen aukerak izaten jarraitzen du, eta uste dut lehiaketa hori bera ere oso interesgarria dela. Ligan, garbi dago egoera ez dela ona, baina taldea oso ongi egituratuta dago, eta garbi dago mailari eusteko aukerak badituela. Gainera, presidentearekin hizketaldi luze bat izan nuen, eta proiektu oso ona aurkeztu zidan. Beraz, aurrera egitea erabaki nuen.
Nolakoa izan da jokalariekin izandako lehen harremana?
Oso ona. Jokalariak badakite non dauden, eta onartzen dute hortik irteteko lana egin behar dugula. Taldea batuta dago, hau aurrera ateratzeko gogoz, eta badakite denen artean egin behar dugula ahalegina. Uste dut jende ona dagoela, eta beraiek garbi dutela zer egin behar den, eta hori ere oso garrantzitsua da bai niretzat eta bai taldearentzat ere.
Nola konpon liteke une honetan Baionako Avironek sailkapenean duen egoera larria?
Aurrez aipatu bezala, hau denen artean egin beharreko zerbait da. Azken batean talde lana egin beharko da, eta gero, berriz, banakakoa ere bai, eta burukoa ere bai, azken batean emaitzak ez badira heltzen, eta taldea egoera txar batean sartuta dagoenean, arazoak pilatu egiten baitira. Nik uste dut jokalarien borondatea handia dela, eta denen artean hau guztia gainditzeko modua egin dezakegula. Ni, behintzat, itxaropentsu nago.
Ez dago huts asko egiterik.
Horrela da. Liga amaitzeko gero eta gutxiago falta da, eta hutsak konpontzeko gero eta tarte laburragoa izango dugu, baina hori badakigu. Hasteko European Challengeko partida irabazi behar dugu, horrek berak ere indarra emango baitigu.
Jon LEUNDA