GARA > Idatzia > Euskal Herria

Tolosa hautatu dute AHTren aurka egiteko hurrengo topaleku

AHT Gelditu! Elkarlanak balorazio baikorra egin du larunbatean Abiadura Handiko Trenaren aurka Hendaia eta Irun artean egin zen manifestazioaren inguruan. Nolanahi ere, atzo Donostian eskainitako prentsaurrekoan proiektuaren aurkako borroka ez dela amaitu nabarmendu zuten eta datorren otsailaren 6an Tolosan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei.

p012_f01.jpg

Oihane Larretxea

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa antolatu zutenen arabera, 20.000 pertsona inguru bildu ziren larunbatean Hendaiatik Irunerako bidea egiteko. Helburu argia eta zuzena zuen manifestazioaren inguruan oso balorazio ona egin dutela adierazi zuen atzo Donostian AHT Gelditu! Elkarlaneko Mila Elorzak: «Lapurdiko herritarrak txalotu nahi ditugu Gobernu frantziarrak inposatu nahi duen abiadura handiko trenbideak arbuio zabala jaso duelako eta herri mobilizazioak aurretik ez zuelako inoiz une honetan duen bezainbesteko hedapena lortu».

Halaber, gaineratu zuten Euskal Herrian abian den abiadura handiko trenaren aurkako borroka ez dela bakarra, beste herrialde batzuetan ere egoera berbera pairatu eta protesta ekintzak gertatzen ari baitira: «Italiako Val di Susako mugimenduarekin batera gaur egun Europako hainbat herri eta eskualdetan ernaldu diren AHTren aurkako talde antolatuen buruan jarri da geurea».

«Lana ez da amaitu»

Manifestazioaren arrakastaz eta oihartzunaz haratago, gogorarazi zuten oraindik «asko» dagoela egiteko «trenaren lanak eteteko garaiz gauden garai honetan» eta, horri eutsi eta kontzentrazioak eta manifestazioak egiten jarraituko dutela «erakundeek jaramon egin arte». Larunbateko ekintzak izandako arrakastak «proiektu txikitzaile eta xahutzaile hau geldiarazteko informatzen eta mobilizatzen jarraitzeko pizgarri izan behar du».

Hala deialdia egin zuten ostiralean Iruñean egingo den kontzentrazioan parte hartzeko. Ekintza arratsaldeko zazpietan udaletxe parean gauzatuko da. Halaber datorren otsailaren 6an Tolosan egingo den manifestazioan parte hartzeko gonbita ere egin zuten: «Herri guztietan borrokan jarraitzera dei egiten dugu. Ingurumena eta gizarte osoa kontuan hartzen ez dituen proiektu honen aurka dauden talde, pertsona eta erakunde guztien inplikazio handiagoa behar dugu». Manifestaldia 17.00etan abiatuko da Triangulo plazatik.

Bestetik, AHT Gelditu!Elkarlanak gogoan izan zuen otsailaren 10ean Aramaioko Asier Agirreren aurka hasiko den epaiketa, prebarikazioa eta desobedientzia egotzita: «Herritik pasatzekoa den AHTren inguruan galdeketa egiteagatik dela kontuan hartzen baldin badugu, hitz potoloak dira», ohartarazi zuen Mikel Alvarez kideak. Beraien ustean, «ekintza politikorako askatasuna urratzea da» honakoa eta helburua bakarra «herri kontsultak zigortzea eta proiektu honen aurkako ahotsak isilaraztea da». «Gogora dezagun gainera bozkatu zuten aramaioarren %97k ezezkoa esan ziola trenari».

sinadurak

Larunbatean Hendaian «Adierazpen bateratua» sinatu zuten eta abiadura handiko proiektuen aurka diharduten mugimendu eta elkarteen zerrendak sinatu nahi dituen talde ororentzat zabalik jarraitzen duela gogorarazi zuten.

irtenbideak

Abiadura Handiko Trena alboratu eta irtenbideak proposatu ditu Elkarlanak. Dauden lineak berritzea eta optimizatzea da lehena, eta, bestetik, azpiegitura honek zuzenean eragiten dien herritarrei erabakitzeko ahalmena itzultzea.

AHTren aldekoak aztoratu ditu larunbateko mobilizazioak

Burdinbide berria egitearen aldekoen artean astindu ederra eragin du larunbateko mobilizazio jendetsuak. Astelehenean bertan, Alain Rousset Akitaniako presidenteak iragarri zuen bere alderdikide eta kontseilari nagusiak, Frantxua Maitia eta Kotte Ezenarro, izendatu dituela linea berria eraikitzearen kontra dauden hautetsiekin biltzeko. Ezenarro hautatzea nahiko bitxia da, Hendaiako auzapez ohiak manifestazioan parte hartu baitzuen. Roussetek, gainera, proiektua aski ez defendatzea leporatu zion Estatuari.

Alain Lamassoure (UMP) eurodiputatu eta eskualdeko bozetako hautagaiaren hitzetan: «Hein batean berekoia izan den manifestazioak ez gaitu harritu behar». Eta horrez gain, «gaur egun kontra dauden hainbat hautetsik 2006an proiektuari oniritzia» eman ziotela esan zuen.

Bere alderdikide eta Donibane Lohizuneko auzapez Peyuco Duhartek «interes politikoak» ikusi ditu atzean, batez ere «berdeen eta altermundialistenak». Jean Grenet Baionako alkate eta diputatuak ez du baloraziorik egin.

Merkataritza eta Industria Ganberako presidente Jean-Marie Berckmansek, bestalde, hitz irmoak izan ditu. Bere ustean, RFF (burdinsareez arduratzen den enpresa publikoa) «ez da pedagogikoa izan, komunikazio falta izan du». Hainbat hautetsi trenbide berriaren kontra jarri badira «beren bozeramaileak lasaitzeko» egin dutela nabarmendu du; etengabeko datu jarioa deitoratu zuen Berkmansek «asko ez direlako zuzenak». «Herritarrak sinesberak» direla gaineratu zuen, hain zuzen, Victor Pachon CADEko buruak 15.000 manifestarien aitzinean esan zuenaren kontrakoa: «Txorotzat hartzen gaituzte». A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo