Bat Formula | Auto berriaren aurkezpena
F10, Ferrariren garai berriaren ikur
Aurtengo denboraldirako auto berria luzeagoa da eta ardatzen arteko distantzia handitu dute erregai-ontzia handitze aldera.
GARA | MARANELLO
Bat Formulako eta, batez ere, tifosi edo Ferrarizale guztientzat atzokoa urteko egunik liluragarrienetarikoa izan zen. Izan ere, talde italiarrak Fernando Alonsok eta Felipe Massak aurtengo Munduko Txapelketan gidatuko duten F10 auto berria aurkeztu zuen Maranellon.
Ibilgailuaren izena taldearen lehen letra eta urtea batzetik atera dute, orain arte egin izan duten bezala. Baina iazkoa ezberdina izan zen, F60 deitu baitzioten Ferrariren 60. urteurrena zela-eta.
Kanpotik duen itxurari dagokionez, aldaketa nabarmenak antzeman daitezke. Tamainaz oso luzea da eta ardatzen arteko distantzia handitu dute erregai-ontziaren tamaina handitzeko -lege berriak dioenez, lasterketan zehar ezin izango dute erregairik bota-.
Iazko denboraldia ez zen hasieran denek espero zuten modukoa izan. Garaipen bakarra lortu zuen Ferrarik, eta, gainera, eraikitzaileen munduko txapelketan laugarren amaitu zuen. Horrenbestez, aurten F10 autoan jarria dute esperantza osoa.
Stefano Domenicali Ferrariko zuzendariak adierazi zuenez, aurtengo denboraldia «oso garrantzitsua da guretzat». Izan ere, «azken txapelketa, arrazoi ezberdinak direla-eta, ez da oso positiboa izan. Horregatik, auto berri hau lehiakorra izatea espero dugu, hori baita Ferrarik merezi duena», gaineratu zuen.
Bi gidariei dagokienez, Felipe Massak istripu larria izan zuen 2009ko denboraldian Hungariako lasterketan Italiako taldean zegoela. Aurretik zihoan auto baten pieza batek kaskoan jo eta aurpegian zauri larriak eragin zizkion, konortea galdu eta segurtasun-panelen kontra talka egin zuen. Badirudi zeharo osatuta datorrela aurtengo denboraldiari begira.
Fernando Alonso, bi aldiz munduko txapeldun izan dena, aldiz, Renaulten aritu zen iaz. Urte hasierako esperantza guztiak desagertu egin ziren egindako urte kaskarra zela-eta. Orain, txikitatik duen amets bat biziko du. Baina talde berrira egokitu behar du. Horretarako, asturiarrak berak adierazi zuenez, eserlekua egokitu, pedalak berak nahi bezala ipini eta bolanteko funtzio guztiak sinplifikatu dituzte.
Ferrarik aro berri bati hasiera eman dio. Martxoaren 14tik aurrera ikusiko da, Bahreinen, auto honen abilezia.