McCarthy, klasikoen errepidean
Iñaki LAZKANO
Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzietako irakaslea
Literaturaren historiako nobela klasiko ederrenen egokitzapenetako gutxi bihurtu direla historiako klasiko dio Harkaitz Cano idazleak «Zinea eta literatura» liburu apartan. Arrazoirik ez zaio falta. Liburua filma baino hobea izan ohi dela lau haizetara aldarrikatzen duen topikoa benetakoa baita ia beti. Ñabardurak ahaztea ez da komeni, ordea. Melville, Schnitzler edo Hrabalen beraren espiritua ere irudikatzeko gai izan daitezkeen zinema sortzaile bakan batzuk ere izan badirelako oraindik.
Tamalez, eleberria eta bere zinema egokitzapena erkatzeko ohitura zaharra galtzen ari da azkenaldian. Kultura produktu huts bihurtu denetik, literatura eta zinema estrategia komertzial beraren parte dira. Stieg Larssonen «Millenium» trilogia da horren adibide. Hortaz, sarritan irakurle xeheak, nobela irakurri ordez, filma ikusten du soilik; irakurri ez duen eleberria parametro faltsu horren arabera epaituz. Halako zerbait jazo zen Cormac McCarthy idazlearekin. Inork gutxik irakurri zuen «All the Pretty Horses» kitzikagarria. Ia guztiok, baina, Billy Bob Thorntonen film kaskarra ikusi genuen. Horrenbestez, literaturaren maitale finenak bakarrik ohartu ziren liburuaren kalitateaz.
Dena dela, ahanzturaren aberrian eroso bizi izan da urte luzez Cormac McCarthy. Olivetti zahar batean idatzi ditu maisulan guztiak J.D. Salinger garaikideak. Paul Austerrek ez bezala, hedabideak, idazle elkarteak, alfonbra gorriak eta txalo merkeak saihestuz. Hala, Harold Bloom kritikariak «Blood Meridian» XX. mendeko bigarren erdiko nobela onena zela idatzi zuenean ere ez zuen oihartzun handirik izan. Coen anaien «No Country for Old Men» (2006) thriller ilunak Oscar saria bereganatu ostean bakarrik egin zen mundu osoan ezagun McCarthy. Halaber, Pulitzer saria eman zion «The Road» nobelaren -aspaldian irakurri dudan hunkigarriena- egokitzapena gaur zortzi estreinatuko da. Aita-seme batzuen arteko maitasuna ardatz duen alegia post-apokaliptiko ilun eta sentiberaren egokitzapen fina dakar bertan John Hillcoatek.
Lynchen zeluloidezko ametsak hitzetara itzultzea bezain antzua da McCarthyren idazkera gordin eta lirikoa irudietara itzultzea, ostera. Zinema egokitzapena aparta denean ere, zerbait galtzen baita bidean. Alta, nobela klasikoen edertasuna ezagutzeko zubi izan daiteke zinema egokitzapen ona. Halaz ere, zail egiten da belaunaldi berriari Olivetti idazmakina zahar baten taupadak hiru dimentsiotako su-artifizialak baino zirraragarriagoak izan daitezkeen usteaz kutsatzea.