Hogei ikerlari eta idazleren gogoetak «Juan Mari Lekuonari omenaldia» liburuan
GARA | DONOSTIA
Juan Mari Lekuona zenaren omenezko liburua aurkeztu zuen atzo Euskaltzaindiak. «Juan Mari Lekuonari omenaldia» izenburupean, 20 ikerlari eta idazlek -gehienak Euskaltzaindiaren Herri Literatura eta Literatura Ikerketa batzordeetako kide dira- artikulu bana idatzi dute, Akademiaren Literatura batzordeko buru izan zena gogoan. Bertan parte hartu dute, besteak beste, Iñaki Aldekoa, Xabier Altzibar, Ur Apalategi, Antton Aranburu, Gorka Aulestia, Jon Casenave, Pello Esnal, Juan Manuel Etxebarria eta Karmelo Etxenagusiak.
Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan, Juan Mari Lekuonak «literatura zuen gaia. Grina, berriz, poesia, musika eta kantu herritar nahiz landuetan. Emaitzak, taxutuak, zehatzak eta zorrotzak. Hitzaren zurrunbiloan murgilduta, hala ere, beti zegoen prest, modu diziplinatuan, Akademiaren gobernu-organoetan bere ahaleginak egiteko», esan zuen.
«Irakasle eta akademiko egoki eta bikainei dagokien bezala -gaineratu zuen Urrutiak- jakin zuen hark bere mezua zabaltzen. Horren lekukotasuna ematen dute hainbatek omenaldi-liburu honetan, Euskaltzaindiak opa diona. Literatura batzordeburu izandakoak ongi merezitako aitortza, bestalde».
Jean Haristchelharren arabera, bestalde, liburua «Juan Mariren gustukoa izango zen, hor parte hartu dugunok gure ikerketaren emaitzak eskaintzen dizkiogulako berari». Pello Esnalek, azkenik, Juan Mari Lekuona ez ezik, azken urteotan hil diren beste kide batzuk ere ekarri zituen gogora: Alfontso Irigoien, Jose Mari Aranalde eta Antonio Zavala, kasurako.