Potemkin taldeak gitarreki hornitu du «Gauaren zaindariak»
Potemkin taldeak «Gauaren zaindariak» iraupen luzeko bigarren diskoa aurkeztu zuen atzo prentsa aurrean Donostiako Liburutegi Zaharreko sotoan lagun artean eginiko bilkuran. Laukote izatetik boskote izatera igaro den Oñatiko taldeak musika norabide berria dakar hard-rock erritmoetan sakonduz. Dagoeneko abian dute disko berria aurkezteko kontzertu bira. Bihar Zornotzako Idaba musika aretoan arituko dira gaueko hamarretatik aurrera.
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
«Gauaren zaindariak» disko berriarekin itzuli da Potemkin taldea agertokietara, azken bi urteetan isilik eta entsegu lokaleko lanetan jardun eta gero. Iker Martinez de Zuazo eta Joxemari Azpitarte (taldekide ohia) Latzen taldearen itzulera-biran ibili ziren 2008an, eta Potemkinek atseden hartu zuen, lehen diskoa aurkezteko kasik 60 kontzertu baino gehiago eskaini eta gero. Duela urtebete inguru abiatu zuen taldeak eguneroko martxa eta horren emaitza atzo aurkeztu zen bigarren diskoa eta talde era berria da. Ikerren esanetan, «zerotik hastearen tankerakoa izan da. Joxemarik taldea utzi zuen eta taldean bigarren gitarra-jotzaile bat sartzea erabaki genuen. Behin taldekide berriak topatuta, entsegu lokalean sartu eta guztien artean kantu berriak sortzeari ekin genion». Bide horretan taldeko sortzaile izandako Iker Martinez de Zuazo (gitarra), Iban Idigoras (bateria) eta Aixibar Urteaga (ahotsa) hirukoak eta Mikel Fernandezek (gitarra) eta Alexis Alonsok (baxua) osatzen dute egun taldea, laukote izandako taldea boskote bihurtuz.
Aldaketak aldaketa, Potemkin-ek musikalki duela hainbat urte abian jarritako musika eran sakondu du; hala, taldean bosgarren kide bat izanda, rock erritmoek eta gitarra zorrotzek gora egiten dute lan honetan. Honela azaldu du Martinezek: «Disko berrian gitarren presentzia areagotu dugu, eta hortik dator taldean bigarren gitarra-jotzaile bat sartzeko erabakia. Batez ere zuzeneko emanaldietan nabarituko da bi gitarren jokoa, eta hauek lortzen duten indarra». Zentzu horretan «hard rock» hitza erabili zuen Martinezek taldearen egungo musika norabidea azaltzeko; base erritmiko gogorrarekin batera, gitarrekin eginiko lana goraipatu zuen. «Orokorrean, abesti onak egiten ahalegintzen gara, musika era zehatz bat edo estilo konkretu batean kokatu gabe», adierazi zuen Oñatiko musikariak. Diskoa Tolosako Bonbereneako estudioetan grabatu zuten 2009ko urria eta azaroa bitartean eta soinu teknikari lanetan Karlos Osinaga Txap aritu zen. Taldeak soinu teknikari bera aukeratu zuen iraupen luzeko lehen lana grabatzeko, eta elkar ondo ulertzeak kantuen azken emaitzan zerikusia duela nabarmendu zuen. Aurreko diskoa Oihuka diskoetxearen babesean kaleratu eta gero, disko berri hau argitaratzeko autoekoizpena aukeratu dute. «Disko hau egiteko ez dugu inongo diskoetxeren laguntza behar izan: gure ondoan soinu teknikari onena izan dugu, diseinua egiteko lagun egokiak eta promoziorako lan talde profesional bat. Egun, taldea gai da diskoa argitaratzeko eta horrek dakarren alderdi guztien jabe izateko».
Oñatin eta Iruñean emanaldiak eskaini eta gero, bihar Zornotzan, eta datozen hilabeteetan Urnietan, Bilbon eta Donibane Garazin izango da Oñatiko taldea.
«Disko berriko kantuetan gitarren presentzia areagotu dugu eta, horretako, taldean bigarren gitarra-jotzaile bat sartzea erabakia dugu. Batez ere zuzeneko emanaldietan nabarituko da bi gitarren jokoa»
Taldea 2003. urtean sortu bazen ere, 2006an ikusi zuen argia Potemkin taldearen lehen diskoak. Taldekideen iragan metaleroa alde batera utzita, rock&roll doinuetan kokatu zituzten abentura berriko akordeak. Zerotik abiatu zuten beren musika jarduera: areto txikiak, tabernak eta gaztetxeak izan ziren zuzenekoen jomuga nagusiak; horiek taldea sendotzeko eta berezko izaera garatzeko ezinbesteko mugarri izan ziren. Egun, taldekide aldaketarekin batera, musika norabidea ere garatu du boskoteak. Disko berriko zenbait kantutan hastapenetako abiadurari eta punk-rock zertzeladei eusten dieten arren, hard-rock doinuek leku nabarmena hartu dute, zenbait kantutan basamortu kiratsa ere nabaritzen delarik.
Aurretik ere protagonista ziren gitarrek gora egin dute nabarmen, eta base erritmikoa beti bezain tinko mantentzen dute kantu berrietan. Horren guztiaren aurrean berriz, Aixibar Urteagaren ahots berezi eta oldarkorra, zeinak disko berri honetako kantuetan erregistro berriekin saiakera egiten duen, eta zenbait pasartetan emaitza bikaina lortuz gainera.
Koldo OTAMENDI