GARA > Idatzia > Mundua

Haitiko gazte esklaboen arazoa are larriagoa bihur liteke lurrikararen ostean

Iragan urtarrilaren 12ko lurrikara gertatu baino lehen, Haitiko ia milioi erdi gazte esklabotza lanetan aritzera derrigortuak ziren. Hondamendiak eragindako kalte handiak direla-eta egoera horrek okerrera egin lezakeela ohartarazi dute gazte horiei laguntzen dieten elkarteek.

GARA |

Hamahiru urte eskaseko Magalee izeneko neskato haitiarrak lana beste rik ez du ezagutu txikitatik. Halere, esklaboa zeneko garaiak gogoratzean, irribarretsu ageri da. Iragan urtarrilaren 12ko lurrikara baino lehen, 450.000 gazte aritzen ziren esklabo lanetan, eta kopuru horrek gora egin lezake hondamendiaren ostean.

«Goiz eta arratsalde egin behar izaten nuen lan. Garbitu, janaria prestatu, arropa garbitu... Goizeko bostetan esnatzen nintzen eta iluntzeko zortziak arte lan egin behar izaten nuen. Familia hartan, denek jo egin ohi ninduten», gogoratu du.

Restaveks-ak, alegia, esklabo gazte haitiarrak, familia txiroetako kideak izan ohi dira. Haien gurasoek Port-au-Prince hiriburura bidaltzen dituzte, beste familia batekin bizitzera, familia berria haurra eskolaratzeaz arduratuko delakoan.

Alabaina hiriburura iristean haur horiek ez dute eskolako materialik aurkitzen, lanerako tresnak baizik. Esklabo bihurtzen dituzte.

«Lana gogorregia zen eta familia ez zen atsegina. Horregatik jo nuen poliziarengana. Haiek abegitsu hartu ninduten eta hona bidali ninduten», azaldu Magaleek gazte esklabo ohiak laguntzen dituen zentroan.

Okerrera

Zentroa Port-au-Princen zegoen, baina lurrikarak bota egin zuen. CADekin kolaboratzen duen Maurice A. Sixto Fundazioko zuzendari Gertrude Sejourrek ohartarazi zuenez, «Restaveks haurren arazoak txarrera egingo du lurrikararen ondorioz».

«Familia askoren egoera okerragoa da eta langabeziak ere gora egin du», gaineratu zuen.

Haren ustez, arazo horri irtenbidea emateko hezkuntza indartzea ezinbestekoa da, gazteek aukera gehiago izan ditzaten.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo