GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Kopatik at

Hoztasunaren zigorra, kontzentrazioaren saria

Desabantailei aurre egitea ezinezko bilakatu da nafarrentzat; aurreratuz gero, berriz, ia garaiezinak dira.

p025_f01_888x888.jpg

GARA | IRUÑEA

«Hotz zelairatu gara eta beranduegi sartu gara partidan». Horrela azaldu zuen Jose Antonio Camachok, neurri handi batean, asteazkenean jasandako jipoia. Arrazoia bazuen, baina baita nolabaiteko errua ere, nafarrek ondo baitakite zer nolako pisua duten lehen minutuetan jasotako golek eta, beraz, arreta handiagoz aritu beharko lukete.

Ez bakarrik partida hasieratan jasotakoak. Osasuna Lehen Mailako talde sendonenen artean dago defentsa lanari dagokionez, baina aurkarien atea bilatzerakoan arazo dezente aurkitzen duenez, gainerakoei baino askoz gehiago kostatzen zaio sendotasun horri etekina ateratzea. Aurkari batek gorritxoen aurka abantaila lortzen badu, badaki garaipenerako bide erdia beteta duela.

Osasunak, izan ere, ezin izan dio partida bakar bati ere buelta eman; bere lorpenik handiena, kasu horietan, puntu bat salbatzea izan da orain artean. Horrela egin zuen Vila-realen eta Bartzelonaren aurka. Markagailuan aurretik jarri diren gainerako aurkariek garaipena eskuratu dute; eta haien golak lehen minutuetan heldu direnean -Almeriaren eta Athleticen aurka gertatu zen bezala, adibidez-, nafarrek ez dute alde horri buelta emateko gai izatearen itxurarik ere eman. Camachok deitoratutako hasierako hoztasun horrek, beraz, gogor zigortzen du Osasuna.

Ezusterako ahalmena

Askoz hobeto moldatzen dira iruindarrak kontrakoa egiten dutenean. Hasierako hoztasuna zigor bilakatzen den heinean, kontzentrazioak beti ekarri dizkio sariak taldeari.

Hamaika aldiz -Liga eta Kopa batuta- hartu du Osasunak abantaila markagailuan orain arte eta horietatik bederatzitan garaipena ospatu izan du amaieran. Racing eta Malaga, biak Sadarretik kanpo, izan dira berdindu ahal izan duten bakarrak, puntu bana lortuta.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo