GARA > Idatzia > Kultura

Aritz Sound System | Kazetaria eta musika adiktoa

Mamia duten diskoak

 

Azken garaian tematika eta aurkezpen berezia duten disko dezente iritsi dira gure eskuetara. Normalean, abeslari edo talde batek diskoa kaleratzen duenean, konposatutako azken kantuen bilduma izaten da eta, hauen artean, tematika eta motibazio desberdina duten kantuak aurki daitezke. Gai edo helburu zehatz batekin kaleratutako disko «tematikoak», berriz, balio gehigarria dute, gure ustez, elkartasuna bezalako baloreak motibaturik sortu badira, bereziki. Horren adibide garbia izan daiteke MusikHerriak diskoetxeak kaleratu berri duen «Bi herri, irrintzi bat» diskoa. Musikari euskaldun eta sahararren arteko zubia da, elkarlanean eraikia. Basamortuaren lehorrean irudikatutako ideiak fruitu mamitsua eman du urtebeteko lanean. Musika eta hitz ederrak jasotzen ditu, informazio osatua dakar eta aurkezpen txukuna du. Irabazi asmorik gabeko proiektua da, musu truk aritu diren lagunek osatua eta diskoaren salmentatik lortzen den diru guztia errefuxiatuen kanpamenduetako oinarrizko beharretara bideratuko duena. Sukran.

Adibide gehiago ere badira gure artean, noski, eta azkenetakoen artean aipatzekoa da Fermin Muguruzaren «Checkpoint Rock» disko-DVDa. Palestinar herriarekiko elkartasun oihua, palestinarrekin elkarlanean eta palestinarren doinuak eta borroka ezagutarazteko asmoz. Azkenaldian Ferminek parte hartu duen disko tematikoen artean «Pintxatu» izenekoa ere badago. Bertan, musikaren eta pintxo formatua duen janariaren arteko harremana zirikatzen da eta, ideia horri tiraka, zer jaten dugun eta nola jaten dugun, gaia sakonago eta jarrera kritikoarekin arakatzen duen diskoa faltan botatzen dugu. Estetika, nobedade edo zaporearen gainetik, jaten dugunak gurean eta inguruan duen eragina landuko duen diskoa, adibidez. Elkartasuna balore ederra dela esan dugu eta musikarien artean oso ohikoa da, zorionez. Zentzu honetan azpimarragarria da ere, duen berezitasunagatik bereziki; Pirritx, Porrotx, Mari Motots eta euren lagun koadrila handiak egiten duten lana. Bizipozaren irakaskuntza musikaren bidez eskainia. Adin guztietako haur eta gazteen artean gai desberdinak (minbizia bezalako gai zail eta delikatuak ere), naturaltasun osoz azalduta. Aupa zuek. Disko gehiago ere badira gure artean baina ez gara gehiago luzatuko. Musikariei gonbidapena egin baino ez, horrelako diskoetan parte hartuta (edo bultzatuta), esperientzia paregabean parte hartzeaz gain, euren musika ederrari balio gehigarria emango diotelako, zalantzarik gabe.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo