Frantziak Europatik kanpo dituen kolonia batzuek selekzio ofizialak dituzte
Euskal Herriko futbol selekzioaren izena bolo-bolo dabil. Euskaldunok, ofizialtasunaren bidean, oztopo asko ditugu estatu espainolaren eta frantsesaren partetik. Frantziarrek, ordea, ez dute berdin jokatu bereak omen diren beste kolonia batzuekin, haiek ofizialki ari baitira.
Jon LEUNDA
Euskaldunok selekzio propioak izateko borroka horretan jarraitzen dugun bitartean, futbolean beste batzuek ez dute hori lortzeko aparteko arazorik izan, nahiz eta euskaldunen egoera bertsua izan. Euskal Herriak, ofizial izateko borroka horretan, harri handi samarrak topatzen ditu Frantzian eta Espainian, baina Frantziak denekin ez du berdin jokatzen. Frantziarrek oraindik badituzte koloniak, nahiz eta orain «departamenduak» diren. Horietako batzuek selekzio ofizialak dituzte, eta horrela ari dira jokatzen.
Ofizialki jokatzen ari dira Guadalupe, Guyana Frantsesa, Martinika eta Saint Martin ari dira Ameriketan, Reunion Afrikan, eta Kaledonia Berria eta Tahiti, berriz, Ozeanian.
Denen egoerak ez dira berdinak, ordea, batzuek beren kontinentean bakarrik jokatzen baitute, beste batzuek Munduko Txapelketako kanporaketak ere jokatzen dituzte, eta Tahitik, esaterako, amaitu berri den 20 urtez azpikoen mundu mailakoa jokatu du.
Amerikan kokatutakoen kasuan, beren federazioak Frantziakoaren menpe daude, eta beste departamenduen eskubide berak dituzte. Martinika, Guyana Frantsesak, Guadalupe eta Saint Martin, ordea CONCACAF delakoan daude, hau da, Hego Amerikako selekzioak ez gainerako herrialdeak biltzen dituena. Izan ere, Hego Amerikakoek beren asoziazioa dute. Ongi ulertzeko, UEFAren parekoa litzateke. FIFAn ez daude sartuta
Beraz, selekzio hauek guztiek Urrezko Kopako kanporaketetan joka dezakete, eta sailkatzea lortuz gero, lehiaketan bertan ere bai. Urrezko Kopa, Europan Eurokopa bezalakoa da, edo Afrikan, une honetan jokatzen ari den Afrika Kopa bezalakoa. Hala ere, oraindik selekzio hauek guztiek ezin dituzte jokatu ez Munduko Txapelketarako sailkapen faseak, eta hortaz, Txapelketa bera ere ez.
Reunionen kasua ere hauena bezalakoa da. Beraiek ere CAFen sartuta daude, Afrikako asoziazioan, alegia, baina hauen kasuan ez dituzte jokatzen Afrika Kopako sailkapen faseak. Gero, beste lehiaketa ofizial batzuetan parte hartzen dute. Hauek ere Munduko Federazioan sartu gabe daude.
Afrikan bada frantziarren kolonia den beste selekzio bat ere: Mayotte. Ez daude CAF-en sartuta, baina federazio ofizial horiek ez bestelakoek antolatzen dituzten lehiaketa batzuetan parte hartzen dute, Irletako Txapelketan, esaterako. Eta hor, FIFAn sartuta dauden uharte batzuetako selekzioak ere aritzen dira lehian. Bai amerikarrak, bai afrikarrak, Mayotte barne, Uretako Txapelketan aritzen dira elkarren aurka.
Hauen guztien kasuan, bai independentziaren aldekoak, bai aurkakoak oso gustura daude selekzioen egoerarekin. Independentziaren aurkakoen esanetan, hori garrantzitsua omen da herrialde horietako jokalarientzat, gutxik dutelako Frantziako selekzioan jokatzeko aukera, eta hala, nazioartean aritzeko parada dutelako. Independentziaren aldekoen esanetan, berriz, honekin Frantziari ezetz esateko modua aurkitu dute, eta gainera, selekzioa FIFAn sartzeko bidean urrats bat dela uste dute.
Ozeania
Ozeaniarren kasua oso ezberdina da, hauek leku guztietan onartuta daudelako. Bai Ozeaniako Konfederazioan, bai FIFAn. Ozeaniako Kopa jokatzeaz gain, Munduko Txapelketako aurre-kanporaketetan ere joka dezakete, eta sailkatzea lortuz gero, Txapelketan lehiatu ere bai. Tahiti eta Kaledonia Berria dira ofizialki ari direnak. Beren federazioek ez dute zerikusirik Frantziakoarekin, eta Tahitik, gainera, pasa den udazkenean 20 urtez azpiko munduko txapelketan ere jokatu zuen, emaitza ona ez izan arren.
Horren guztiaren aurrean, Frantziako Federazioak neurriak hartu ditu. Afrikan eta Ameriketan kokatutako lurraldeen selekzioetan, herrialde horietan jaiotako jokalariek soilik parte har dezakete, eta Frantziako selekzioan azkeneko bost urtetan aritu ez direnak. Herrialde horiek pauso bat gehiago eman nahi dute, ordea, eta taldeak hobetzeko asmoz proposatzen dutena da berez bertan jaiotakoak izan ez arren loturaren bat duten jokalariei ere selekzioan jokatzeko aukera ematea.
Ozeaniakoen kasuan, berriz, herrialde horietako edozein jokalarik du bai Tahitin, bai Kaledonia Berrian jokatzea. Halaber, norbaitek Frantziarekin jokatu nahi badu, eta horrek deitzen badie, badute Frantziara joatea ere. Izan ere, herrialde horietan bertan jaiotako jokalari ezagun ugari atera dira, esate baterako: Thuram eta Angloma (Guadalupe), Malouda eta Lama (Guyana Frantsesa), Payet eta Sinama Pongolle (Reunion), eta Karembeau (Kaledonia Berria). Anglomak, adibidez, Munduko Txapelketak eta Eurokopak jokatu ditu Frantziarekin, eta Guadaluperekin Urrezko Kopa. Beste guztiak Frantziako selekzioarekin ari dira. Guztietan indartsuena Guadalupe izango da.