Inauteriak, ohiturak eta modak
Aritz SOUND SYSTEM | Kazetaria eta musika adiktoa
Ate joka ditugu inauteriak. Naturarekin gero eta harreman gutxiago duen gure gizarte honetan, inauteriek ere zentzua galdu dute neurri handi batean. Azkenean, egutegi kristauan, eta ezaugarri mugatu zehatz batzuekin, inposatutako «festa» bilakatu dela dirudi (salbuespenak salbuespen). Haur eta gaztetxoak mozorro dendan erositako jantzi garestiekin apaindu eta kaleetatik eskaparate modura paseatzeko egunak dira. Parrandarako beste aitzakia bat.
Herrietan jaiak antolatzen dituztenek berriz, askotan, zailtasunak dituzte programazioa osatzeko. Bere garaian, hamar hamabost urteko gaztetxoentzat ekitaldi gutxi zegoela-eta, musika jartzea proposatu zidaten. Ikus-entzule paper hori gainditu eta, agian, egokiago, gazte horiek elkartu eta eurek zer egingo luketen galdetzea aproposagoa zela aipatu nuen. Nire burua, gaztetxoek antolatu nahi duten horretan laguntzeko prest agertu nuen eta aurreko prestaketa bileretan eta azpiegitura kontuetan (agertoki, soinu ekipoa eta antzekoak) lagunduko niela esan nuen. Bide horri jarraituz, urte batzuk dira deialdi irekiari erantzunez gaztetxoak elkartu eta kantu baten inguruan koreografia prestatzen dutela («Fama» eta antzekoen eragina izugarria da). Aukera zabala dute (antzerkia, dantza, abestea, txisteak kontatu eta abar) baina gehienek (neskak) dantza egitea nahigo dute. Adin horretan gorputzaren bidez espresatzeko beharra puri-purian dago eta dantzak aukera ederra eskaintzen du horretarako. Dena den, beste espresio bideak ere landu nahiko genituzke eta azken urteetan musika kontzertuak eta abeslariren bat ere animatu zaigu.
Urtero eskema berdinak errepikatzen dituzte, ordea. Arrakastatsua den kantu komertzial batekin aurrez telebistan ikusitako dantza pausoak prestatzen dituzte. Normala da, ezta? Aurten Shakira, Lady Gaga eta Hannah abeslari komertzialen kanturen bat aukeratu dute gehienek eta aukeratutako kantuak errepikatu egin dira batzuetan. Nola liteke? Milaka abeslarien eta milioika abestien artean aukeratu dezakete eta hamabi taldeen artean kantu bera errepikatuta? Kasualitatea ote? Nork bultzatzen ditu abeslari eta kantu horiek eta ze mezu eta bizitza eredu bultzatzen da horien bidez? Zaila da honetaz guztiaz beraiekin hitz egitea eta ez dugu sermoirik behar. Gehienez, beste musika batzuk erakusten dizkien aldizkari edo diskoren bat oparitzen diegu baina, guzti hau normala izateak zer pentsatu eman beharko liguke. Ideiaren bat bururatzen?