GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

El terremoto de Haití destapa el tráfico de menores

«Adoptatzera animatzen dut jendea, baina modu kontziente batean»

p002_f02110x68.jpg

Xabier Etxaniz
«Ekialdetik iritsi zen Enara» liburuaren egilea

Yangzi ibaiaren ertzean kokatutako Fengdu hiriko umezurtz-etxera eraman zuten Enara Fuhan 2005eko urtarrilean, astebete zuela. Feng Fu Han izena jarri zioten. «Fu» hitzak «zortea» esan nahi du, «Han»ek, berriz, «blai eginda» eta «Feng» hiriko umezurtz-etxeko haur guztien abizena da. Etorkizunean izan ditzakeen galderei erantzun nahian, Etxanizek «Ekialdetik iritsi zen Enara» idatzi du (Alberdania).

A. LERTXUNDI | DONOSTIA

Laur urte pasatxo iragan dira Txinatik etorri zinetenetik. Zer moduz moldatu da Enara?

Oso ondo, bost urteko ume arrunta da. Noizean behin, Txinako gaia aipatzen du. Berak badaki Txinan ama bat duela. Horregatik ez balitz, ume arrunta da.

Liburuan, gainerako umeek izan dezaketen jarreraz kezkati azaltzen zara, izan ere, haurrak maltzur joka dezakete «desberdina» sumatzen duten norbaitekin.

Oraingoz, ez dugu arazorik izan. Egia esan, txikiak dira oraindik eta ez dira hortaz jabetzen. Ez dute maltzurkeria hori. Batzuetan, «txinita» esaten diote, baina ez modu txarrean. Berak ere bere buruari esaten dio «ni naiz txinita eta zu zergatik ez zara txinita». Oraingoz, normaltasunez hartzen dute bai berak, eta bai bere ingurukoek.

Ume bat adoptatzeko asmoa duzula esatean, edozein erantzun jasotzeko prest egon behar duzula diozu liburuan. Denbora tarte honetan, jendeak adopzioaren gainean duen ikuspegia aldatu al da?

Berdin jarraitzen du. Aurreiritziak eta pentsamenduak aldatzeko urte asko behar dira. Lau urte ez dira ezer.

Liburuan «zergatik ez?» galdera botatzen duzu. Nik, berriz, «zergatik bai?» galdetzen dizut.

Munduan haur piloa dago eta ume horiek gure beharra dute. Maitasuna emango dieten norbait behar dute. Seme-alabak izatea erabaki genuenean, galdera hori egin genion gure buruari, «zergatik ez?». Beraiek behar dute eta guk ahal dugu -ekonomikoki eta intelektualki gaitasuna dugulako-, zergatik ez? Dena den, gu ez gara gobernuz kanpoko erakunde bat. Bakarra adoptatu dugu. Etxea duguna da eta ezin dugu jende asko sartu. Ez dela nahikoa, badakigu, baina tira... Jendea animatzen dut, baina modu kontziente batean, ez baita supermerkatura joatea. Oso esperientzia polita da.

Nazioarteko adopzioei dagokionean, salaketa ugari egon dira. Azkenak, Haitikoak. Zer bururatzen zaizue albiste horiek jasotzean?

Alde batetik, beharra egon badago, ume asko geratu baitira umezurtz. Bestalde, adopzioa ondo ulertzen ez duen jende askok horretara joko duela iruditzen zait. Ez litzateke hartu behar gurasoen premia bati erantzuteko, haurraren premia bati erantzuteko baizik. Kontua ez da «nik haur bat behar dut», baizik eta «haur horrek gurasoak behar ditu». Jendea Haitira «nik haur bat nahi dut, oso politak direlako» ustearekin joatea, gaizki iruditzen zait. Baina lurrikara aurretik abian zeuden prozesuak azkartzeari ondo deritzot. Azken batean, burokrazia hutsa da. Orain adopzio prozesu berriak abian jartzea, gaizki iruditzen zait.

Zer adierazten dizu «adopzio» hitzak?

Haitin edo «hirugarren munduan» dauden haurren beharren gainetik aita edo ama izatearen beharra jartzea ez da adopzioa. Nire nahi pertsonala haurrarena baino handiagoa bada, hori ez da adopzioa, hori kapritxoa da. Abiapuntua okerra da erabat. «Zer pobreak diren» eta antzeko diskurtsoek sekulako amorrua ematen didate, errukiaren izenean ume bat hartzea negozioa da.

Prozesua hasi zenutenean, halako beldurrik izan zenuten herrialdea aukeratzerakoan?

Gardentasun ezaren susmoa Errusia alde batera uzteko arrazoietariko bat izan zen eta horrek Txinara eraman gintuen, bertan prozesuak oso garbiak direla esan baitziguten. Errusiaren eta Ukrainaren, kasuan, prozesua zein neurriraino gardena den ez dakit, baina halako saltsa batean sartzen zarenean, informazioa bilatzeari ekiten diozu eta denetarik irakurtzen duzu. Ezin duzu den-dena sinistu, baina kontxo... orokorrean, herrialde horietatik zetozkigun berriak ez ziren oso oso onak.

Zer gomendatuko zenieke haur bat adoptatu nahi dutenei?

Pazientzia, dena iristen da.

Nola gogoratzen duzu Enararen bila  egindako bidaia?

Zoragarria izan zen. Alde emozionalaz gain -azken batean, Enararen bila joan ginen-, Txina izugarria da. Hain da desberdina. Ni, adibidez janariarekin izugarri ondo moldatu nintzen. Hemengo jatetxe txinatar batean jaten duzunak ez du zerikusirik hango janariarekin. Festa bat izan zen guretzat bidaia.

Bai Enara eta bai Garazi txinera ikasten ari dira. Zer moduz moldatzen dira?

Astean behin joaten dira. Klasera sartu aurretik, beti kexati azaltzen da Enara. Ikastolatik atera eta gelara iritsi bitartean, «ez dut joan nahi, nekatuta nago» eta halakoak esaten dizkigu. Baina gero oso pozik ateratzen da. Garazirekin gauza bera gertatzen da. Batetik ehunera zenbatzen ikasi dute jada. Hamaika aldiz erakutsi didate batetik hamarrera zenbatzen, baina bederatzigarrenera iristean, beti zuzentzen didate. Duela pare bat urte, klasera eraman genuenean, Enarak ez zuen sartu nahi izan. Ez dakit zer pasatzen zaien burutik. Izan ere, hara iristean bera bezalakoa den irakaslea eta ikaskideak ikusten ditu. Horrek zerbait mugiarazten die barrenean eta, batzuetan, kontrako sentimendua sortzen zaie. Badakite adoptatuak direla, ama bat dutela Txinan, baina, ikaste prozesua luzea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo