Ixabel Etxeberria Irakaslea
Adore handiko herria
Demokrazia omen da, erran nahi baitu oinarrizko eskubideak errespetatuak direla eta aldarrikapenak entzungarriak eta defendigarriak. Hau da eskolan erakutsi digutena, Frantzia giza eskubideen herria dela, eskubide horien aldarrikapena mundu osora hedatu dituela. Monumentua erortzen ari da! Hau monumentua baita, hunki ezina, gero eta gehiagotan benetako aurpegia erakusten diguna.
Hautetsi gehienak AHTren aurkako jarrera erakutsi eta erakusten ari dira. Une honetan argi geratzen ari da hemengo herritarrek AHTrik ez dutela nahi eta horretan hautetsi gehienak bat datozela. AHTren alde hauteskundeen bezperan jarri den zerrenda bakarra UMPkoa da, Alain Lamassoure buru delarik. Lama-ssoure jauna ezagutzen dugu, euskara lurperatu frantses Konstituzioan eta europar Parlamentuan Euskal Herriko bake prozesuaren aurka bozkatu zuen. Alegia, politiko honek ez du errespeturik hemengo errealitatearekiko eta ausardiaz beterik aurkezten da hemengo departamendu buru. Iritzi guztien gainetik AHT inposatu nahi digu Estatuaren pisua baliatuz.
Horrez gain, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren auzia izanen dugu hilaren 18an. Kasu horretan ere Estatuak ez baitu amore ematen, ez du gutxieneko antolaketarik onartzen. Egiturak lortzen duen sostengua garantia bakarra izanen da. Ez dago beste hauturik, ez beste defentsarik. Legea? Legea aldatu behar da, hemengo beharrei ez baitie erantzuten. Legeak hobetzeko dira, mundua aldatzen den heinean egokitzen joan behar dira. Eta frantses legea ez da gaurko egoerari egokitua; ondorioz, aldatu behar da tokiko jendeak bizitzeko egiten dituen hautu berrien aurrean debekurik izan ez dezan. Giza eskubideen errespetua ez al da hori?
AHTri buruz zenbait auzapezek herriko etxean erreferenduma antolatzeko engaiamendua hartu dute, azken asteetako mobilizazioetan oinarrituz. Egia da une honetan batzuei interesatzen zaiela oraindik jarrera honetan jarraitzea eta argudioak biltzea AHT gelditzeko. Beste batzuek, aldiz, Donibaneko auzapeza kasu, ez dakite sobera non bizi diren, ez baitute aulkia galdu nahi! Oso jarrera pozgarria, hautetsiak herriari eskatzea zer dioen halako proiektu erraldoi baten aurrean. Ulergaitza da, haatik, zergatik ez duten Bateraren kontsulta antolatu nahi. Noski, prefetaren gutuna eskuratu dute, eta gehienetan gustukoa izaten dute prefetaren gutunen gibelean gordetzea, alderdiko kideekin harmonian geratzeko. Baina hor kontraesan garbian egoten dira, bi kontsulta horien artean ez baita desberdintasunik, iritzi kontsulta bat baizik ez baita bi kasuetan. Baina horrek Estatuarekiko jarreraren berri ematen du, herriko auzapez bakoitzak zer-nolako proiektua duen herri honendako.
Pixkanaka obeditzen irakatsi digute, gure hizkuntza gutxiesten, beti eta gehiago paretaren aurka jarri gaituzte, nahi ez ditugun auzietan murgildu gaituzte, interes gabeko borroketan aritzera eramanez, interes gutxikoak baina irabazi beharrekoak. Adore handiko herria gara. Lurperatu nahi gaituzte, baina bizitzeko dugun nahikeriak indartsu jarraitzen du. Munduan bizitzeko gure manera hautatzeko eskubidea baizik ez dugu aldarrikatzen.