Bizkaian txartel bakarra ezartzearen alde bilera egingo dute, Garraio Sailak eskatuta
GARA |
Bizkaian garraio publikorako txartel bakarra abian jartzearen alde, Lakuako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburua den Iñaki Arriolak eskatuta, gaur bilera izango da Metro Bilbaoren egoitzan. Bizkaiko Aldundiko, Bilboko Udaleko Euskotren eta Metro Bilbaoren ordezkariak izango dira bilera horretan.
«Azken urte hauetan, gai honen inguruan, Gobernua, Aldundia eta Udala ados jartzea ezinezkoa suertatu da, baina orain, Bizkaian txartel bakarraren gaineko akordio hori lortzea posiblea da», baieztatu du Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, bidalitako komunikatu batean.
Lakuako Gobernuak jakitera eman duenez, «polemikak alde batera utzi» nahi ditu. Eta zentzu horretan, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian txartel bakarra ezartzearen alde agertu da.
Iñaki Arriolak zuzentzen duen Sailak azaldu duenaren arabera, billete bakarraren helburua garraio publikoa «erabiltzaileentzat erosoagoa» bihurtzea da.
Bide batez, bidalitako oharrean gaurko bilera «aurrera pausoak» emateko baliagarria izatea espero duela aditzera eman du Garraio Sailak.
«Urte askoan proiektua atzeratu egin bada ere, Bizkaia txartel honen jabe izatea da gaurko bileraren helburua». Era berean, Barik izeneko txartelak garraio publikoaren erabiltzaileei onura asko ekarriko dizkiela defendatzen dute.
Bizkaiko Aldundia, bere aldetik, billete bakarra abian jartzearen alde agertu da 2011n ezartzekoa den Barik txartela sustatzeko. Bilboko Udaleko Ibon Aresok ere, Garraio arloko zinegotziak, Patxi Lopezen Gobernuaren Garraio Sailaren bidez eginiko proposamen honekin «guztiz ados» daudela, argitu zuen.