«Euskadi Directo» ETB-2ra itzuliko da, «eguneroko istorioen bozgorailu» izateko
GARA | DONOSTIA
Gaurtik hasita, astelehenetik ostiralera emanen du ETB-2k, 13.30ean, «Euskadi Directo» saioa, «eguneko gertakari garrantzitsuenen zuzeneko ikuspegia» eskainiko duen albistegia, Miriam Duquek aurkeztuta. Hamahiru erreportari hiri eta herrietan barna ibiliko dira, gertakarien berri emateko era arin eta atseginean.
Jakinarazi dutenez, herritarren bozgorailu izan nahi dute, eta haiek hurbil sentitzen dituzten istorioak jorratu. «Hiritarrak ez dira ikus-entzule soil moduan geratuko, gure saioaren protagonistak izango dira», agertu du kazetariak. Gaurkotasuneko gaiak ez ezik, osasunaren eta kulturaren ingurukoak ere landuko dituzte, xarma berezia duten parajeak erakutsiko dituzte eta irudi harrigarriak ere bai. «Gure ikus-entzuleek nahi duten lekuraino iristeko prest gaude», baieztatu du Duquek. «Kamerak toki guztietara eramango ditugu, itsas bazterretatik mendi garaietaraino. Punta-puntako teknologiak ezagutuko ditugu, arriskutsuak diren lanak ikusiko ditugu eta tradizio handiko ogibideei ere emango diegu ahotsa. Berdela, hegaluzea eta Arabako patatak mahaira eramango ditugu zuzenean».
Saioko langileek gaineratu dutenez, erreportariek jendeari lana aurkitzen lagunduko diote eta ogibiderik zaharrenak desager ez daitezen ahaleginak eginen dituzte. Pertsonaia bitxiekin eta eguneko heroi bihurtutakoekin egonen dira, eta krisia gainditzeko aholkuak ere emanen dituzte.
Eskarmentu handia
Saioko hamahiru erreportariak eskarmentu handikoak direla azaldu dute. «Jendearekin bat egiteko ilusio handia dugu, euren eguneroko bizitzaren parte izan nahi dugu eta kalean egon, zerbait gertatu den ala zerbait kontatu nahi diguten bakoitzean», adierazi du Miriamek. Berak hamaika urtez lan egin du telebistan eta Canal Bizkaia-ko albistegi burua eta «Bizkaia Gaur» albistegiko aurkezlea eta editorea izana da.