Uranio aberastua ekoizten hasteko agindua eman du Ahmadineyadek
Lehendik ere egoera nahikoa korapilatuta ez eta, Irango presidente Mahmud Ahmadineyadek hautsak harrotu ditu uranio aberastua ekoizten hasteko agindua emanda. Iragarpen horrek indartu egin ditu Irani zigorrak ezartzearen alde dauden herrialdeen jarrerak.
GARA |
Irango presidenteak, Mahmud Ahmadineyadek, efektu kolpe bat eman zuen atzo, neurri handian aberastutako uranioa ekoizten hasteko agindua eman zuenean. Argitu zuen, halere, Teheranek ez dituela nazioarteko negoziazioak bertan behera utziko.
«Erregai nuklearraren trukearen gainean eztabaidatzeko prest gaude... Gu uranioa aberasten hasiko gara, baina negoziazioaren bideak zabalik jarraituko du», esan zuen laser teknologiari buruzko erakusketa baten inaugurazioan.
«Nik esan nuen: eman diezaiegun potentzia handiei bizpahiru hilabete, uranioaren trukearen inguruko hitzarmen bat lortzeko, eta ados ez badaude, gu geu hasiko gara», gaineratu zuen buruzagiak.
«Duela gutxi esan genuen gutxi aberastutako uranioa (%3-5) potentziek %20ra aberastutako erregaiagatik truka diezagutela, nahiz eta guk %20ra aberastutako uranioa ekoizteko gaitasuna badaukagun», adierazi zuen Irango estatuburuak.
«Baina potentzia handiak gurekin jolasten hasi ziren, nahiz eta irtenbide bat aurkitzeko prest zeudela esan», kexatu zen.
Ahmadineyaden iragarpena «desilusioz» hartu zuten atzo Munichen itxi zen Nazioarteko Segurtasun Biltzarrean.
Egun batzuk lehenago, Islamiar Errepublikako Kanpo Arazoetako ministroak, Manouchehr Mottakik, esperantzarako tarte bat zabaldu zuen, akordio bat lortzeko zorian zegoela adierazi zuenean.
Erromatik, Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa idazkariak, Robert Gatesek, nazioarteko ordezkariei dei egin zien, Irani presioa egiteko «bat eginda» jarrai dezaten. «Oraindik garaiz gaude Iranen gaineko presioak eta zigorrek dagokien efektua eragin ditzaten».
Haren hitzek, hartzaile zehatz bat zutela ematen zuen: Txina. Izan ere, Asiako erraldoia Teheranen kontrako presioa areagotzearen aurka eta elkarrizketaren alde agertu baita.
Alemaniako Defentsa ministroa, Karl-Theodor zu Guttenberg ere, nazioarteari zuzendu zitzaion, nabarmenduz Irani «pazientziaren mugan» dagoela ulertarazi behar zaiola.
AEBek, Israelek, Estatu frantsesak, Alemaniak, Britainia Handiak eta bestek behin eta berriz leporatu diote Irani armategi nuklearra eratzeko asmoa izatea, proiektu zibil baten itxuraz mozorrotu arren. Teheranek beti ukatu ditu akusaziook.
Kontuan hartu beharrekoa da %20ra aberastutako uranioa ekoizten hasiko dela Iran, eta lehergai nuklear baten ekoizpenerako uranioa %90era aberastu beharrekoa dela.
Irango Armadak adierazi zuenez, arrakastatsua izan da herrialdean bertan ekoitzitako hegazkin telegidatu bat probatzeko saioa. Radarren aurrean «ikusezina» dela baieztatu zuten.