GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Jauregi-Nazabal azken unean sartu dira finalerdietara

Iraupen probara atzetik sartu ziren, baina han lortu zuten Erasun-Arrospide menderatzea. Larretxeatarrak ere finalaren atarikoan izango dira.

Jon LEUNDA

Nazabal-Jauregik eta Donato eta Ohian Larretxeak lortu dute Urrezko Aizkorako finalerdietan izateko txartela. Hauei, Rekondo eta Atutxa gehitu behar zaizkie, hauek pasa den astean egin baitzuten gauza bera. Azkeneko bikoa, Etxebeste-Olasagastiren eta Arria-Txapartegiren arteko norgehiagokan irabazle ateratzen dena izango da.

Bi kanporaketa izan dira asteburu honetan, eta emoziorik gehien Jauregi-Nazabalek eta Arrospide-Erasunek jokatutakoak izan zuen. Azken hauek amaierako lanera alde dezentearekin heldu ziren, baina iraupen proban ezin izan zioten hartutako abantailari eutsi.

Leaburukoak eta Aurtizkoak azkeneko proba ez beste guztiak irabazi zituzten, baina azkenekoan dena galdu zuten. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren hasteko. 31 kolpetan bota zuten enborra, eta biko aldea atera zieten Ilarduiakoari eta Etxarrikoari. Jarraian 60 ontzakoa zutik moztu behar zuten, eta hor 2.25ko denbora eginez, beste hamar segundoko aldea atera zuten.

Hirugarren lanean, bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, eta 1.32 izan zen beraien denbora. Lan horretan beste sei segundo atera zizkieten Nazabali eta Jauregiri.

Ondoren 45 ontzako bat zutik eta bestea etzanda zuten mozteko, eta alde handi samarra lortu zuten Arrospidek eta Erasunek. 1.48 izan zen beraien denbora eta 2.03koa aurkariena. Azken-aurreko lanean, bi 60 ontzako erdibitu behar zituzten, eta biek denbora bera egin zuten, 5.25. Azken lanean lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten, baina Arrospidek eta Erasunek nabarmen egin zuten behera. Nazabalek eta Jauregik 11 minutu eta 2 segundo behar izan zituzten lanak burutzeko eta minutu bat eta 18 segundo atera zizkieten Arrospideri eta Erasuni. Lan guztiak burutzeko, 23 minutu eta 16 segundo behar izan zituzten Nazabalek eta Jauregik, eta 24 minutu eta segundo bat Arrospidek eta Erasunek.

Beste kanporaketan larretxeatarrak minutu pasako aldearekin nagusitu ziren Mugertza I.aren eta Etxeberriaren aurka. Azken hauek 60 ontzakoa zutik mozten egin beharreko proba bakarrik irabazi zuten, gainerakoetan nafarrak gailendu baitziren. Lan guztiak burutzeko, 20 minutu eta 14 segundo behar izan zituzten larretxeatarrek, eta 21 minutu eta 16 segundo, berriz, Mugertzak eta Etxeberriak. Alde oso nabarmena, bistan denez.

Zilarrezko maila

Zilarrezko mailan, Dorronsorok eta Irazabalek mendean hartu zituzten Rodriguez I.a eta Goñi. azken honek Rodriguez II.a ordezkatu zuen, eta Kañamares I.ak eta Kañamares III.ak ere irabazi egin zieten Erdoziari eta Saralegi II.ari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo