SOKATIRA
Abadiñok erraz eskuratu du denboraldiko hirugarren txapela
J.L.
Ez zen ezusterik izan, eta Abadiñok erraz eskuratu zuen gizonezkoetako hirugarren txapela ere. Bizkaitarrek 640koan irabazi zuten atzo Zeberion, baina aurretik 680koa eta 600ekoa ere irabaziak zituzten.
Lau talde bakarrik zirenez, dena jardunaldi batera jokatzea erabaki zen, eta Abadiñok aparteko arazorik gabe bereganatu zuen txapela, probako saio guztiak irabazi ostean. Bigarren sailkatu zen Ñapurrak taldea. Ezpeletakoek bizkaitarrekin galdu zuten, baina gainerakoak menderatu zituzten.
Hirugarren postuan Abadiño B sailkatu zen. Aurreko biekin galdu eta Ibarra mendean hartuta. Azken hauek ezin izan zuten azkeneko postutik ihes egin, jokatutako ekinaldi guztiak galdu egin baitzituzten.
Sailkapen nagusia, honela geratu zen: lehenengo, Abadiño A, 4 punturekin; bigarren, Ñapurrak, 3 punturekin; hirugarren, Abadiño B, 2 punturekin, eta azkena, Ibarra, puntu bakar batekin.
560 kilokoa eta 500ekoa
Gizonezkoetan 560 kilokoan eta emakumezkoetan 500 kilokoan, lehen jardunaldiak jokatu zituzten herenegun Ezpeletan. Ligaxkako lehen saioan ez zen ezusterik izan, eta Abadiñok, mutiletan, eta Badaiotzek, nesketan, irabazi zituzten beren saioak.
560 kilokoan lehen bi postuetan ez zen inolako ezusterik izan. Abadiñok lehen postuan amaitu zuen, saioko jardunaldi guztiak irabazi ostean. Bigarren, pentsatzen zen moduan, Amaiurrek amaitu zuen, bizkaitarrekin galdu eta gainerakoak mendean hartuta.
Ezustea hirugarren posturako izan zen, izan ere, Sokarrik aurre hartu baitzion Ñapurrak taldeari. Bizkaitarrek lehen biekin galdu egin zuten, Ñapurrak eta Barrundia mendean hartu zituzten, eta Berriozarrekin berdindu egin zuten.
Ñapurrak etxean aritu zen, eta beraiekin bazegoen itxaropenik, baina ez zuten asmatu, eta laugarren amaitu zuten Berriozar eta Barrundia mendean hartuta. Azken-aurreko amaitu zuen Berriozarrek Barrundiari irabaziz eta Sokarrirekin berdinduta, eta azkena geratu zen Barrundia saioko tiraldi guztiak galduta.
Sailkapena honela geratu zen: lehenengo, Abadiño, 6 punturekin; bigarren, Amaiur, 5 punturekin; hirugarren, Sokarri, 4 punturekin; laugarren, Ñapurrak, 3 punturekin; bosgarren, Berriozar, 2 punturekin, eta azkena, berriz, Barrundia puntu bakar batekin.
500 kilokoan aurreikuspen guztiak bete egin ziren, eta Badaiotz taldeak ez zuen barkatu, eta garaipena lortu zuen saioko tiraldi guztiak irabazita. Bigarren postuan amaitu zuen Sakanak, arabarrekin galdu eta gainerako tiraldi guztiak irabazita. Beti Gaztek Ibarrari bakarrik irabazi zion, eta hauek denak galdu zituzten.