FRANK LLOYD WRIGHT ARKITEKTOAREN AZTARNAK BIZKAIAN
Kutxa hautsia berreraikitzen
Guillermo Agudok «XX. mendeko arkitektorik berritzaileenetarikotzat» du Frank Lloyd Wright estatubatuarra. Hori esan zigun atzo, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak Guggenheim museoarekin batera antolaturiko txangoan. Arkitektoa dugu Agudo bera ere, eta gidari izan genuen atzokoan, Getxo inguruko etxeetan Lloyd Wrighten eragina ezagutzeko egin ibilbidean.
Anartz BILBAO
Bilboko Guggenheim museoan Frank Lloyd Wright arkitekto estatubatuarrari eskainitako erakusketa dago ikusgai datorren igandera arte, otsailak 14. 1867an AEBetako Wisconsinen jaioa (Arizonan hil zen 1959an, 92 urte zituela), arkitekto berritzaile eta ausarta izan zen Lloyd Wright, izan den garrantzitsuenetarikoa, eta besteak beste, New Yorkeko Guggenheim museoko eraikinaren egilea.
Erakusketak Lloyd Wrightek sortutako proiektuak agertzen ditu, burutzeke gelditu zirenak asko, eta gehienak ikusgarriak oso. Tartean badira familia bakarreko etxebizitzak (lehenengo aretoan batez ere), eta arlo horretan jarri dute arreta Euskal Herriko Arkitekto Elkargo Ofizialeko kideek, esanguratsuak direlakoan.
Erakusketaren ikusgarritasunetik eguneroko erabilgarritasunera, euskal arkitektoek, lanean jarri, eta lau ibilbide prestatu dituzte -fitxak eskura daude www.coavn.biz webgunean, norbaitek ibilbidea bere kabuz egin nahiko balu-, Lloyd Wrightek sortutako berrikuntzek Bizkaia aldeko etxebizitzetan (Getxo, Bakio, Sopelana eta Mungia aldean, batez ere) izandako eraginak publiko egiteko asmoz.
Guggenheim museoarekin batera antolatutako bisitaldi gidatu horiek praktiko egite aldera, Getxoko ibilbidea erakusten dihardute orain, besteak urrutitxo daudela eta. Urtarrilaren 24an eta 31n egin zituzten lehen biak (Elena Velasco eta Nerea Etxarri arkitektoak gidari zirela), eta jasotako erantzun ona kontuan izanda, beste bi antolatu: atzokoa, Guillermo Agudok gidatu zuena, eta gaur zortzi Ula Iruretagoienak azalduko duena, programa bukatzeko. Bi orduko ibilbideak 15 euro balio ditu eta izena emateko 94 435 90 12 telefonora deitu egin behar da (astelehenetik ostiralera, 9.00etatik 14.00etara).
Ibilbide osoan zehar «`Kutxa Hautsia' da erabiliko dugun kontzeptua» azaldu zigun atzo Aguadok. Estatubatuar arkitektoa `Single Style' etxeak egiten hasi zen Chicagon aurrena, eta grinatsu, estudio propioa sortu zuen gero, 1892an, «altura gutxiko kontzeptu horizontalentzako» bere egitasmoetan, «landari lotutako eraikinak sortzeko», Agudok argitu zigunez. Eta ibilbidean, Leioako suhiltzaileen egoitza izan zen ikusi genuen lehenengo eraikina, autobusetik bertatik eta Lloyd Wrightek Illinoisen eraiki Robie House lanaren argazkiak lagun, horizontalitate handiko eta altura gutxiko eraikina hobeto ulertzeko.
Lloyd Wright Bizkaian
«Naturarekin bat egiten duten etxeak egin nahi ditu -Lloyd Wrightek-, apainduraz apalak eta guztiz horizontalak», Chicagon purian dagoen viktoriar joeratik urruti. Beraz, «`kutxa hautsi' nahi du, zurruntasuna atzean utzi eta askatasun gehiago izateko», dio Agudok.
Sormen ikaragarria erabiliz, «askoz eraikin arinagoak egiten hasiko da, tartean egurra edo kristala baliatuz, eta etxeak pisuz arinduz», Maidaganen aurkitu ditugun ereduetan ikusten dugunez. Xehetasun batzuk baino ez dira, baina oraindik baserri itxurakoak diren etxebizitzetan teilatu arinagoak eta egurraren erabilerak erakusten digu haren eragina, Juan Madariaga Astigarragak 1964/66 bitartean eraiki Altzuri etxean, esaterako.
Askoz nabarmenagoak dira Lloyd Wrighten eraginak Galean ikusiko ditugun etxeetan. Hemen, autobusa aparkatu eta hiruzpalau etxe eder ikusi ditugu -zerikusirik ez dute baserri itxurarekin-, hesiaren kanpoaldetik. Tartean dira Taliesin II eraikinaren eraginak dituen Juan Carlos Cardenal Abaituaren Infante etxea (1996) -Lloyd Wrighten harribitxia, `ur jausiaren etxea' ere gogorarazten diguna detaileetan, goitik beherako kristalezko hormekin-; eta lorategiarekin bat egiten duen solairu bakarreko etxe «ireki» eta ausarta, Jose Sans Gironellak 1969an egina, Taliesin West egitasmoa gogorarazten duena eta Lloy Wrighten jarraitzaile Richard Neutra austriarraren lanen antzekoa dena.
Konturatzerako bueltatzeko ordua heltzen da, eta oraindik etxebizitza blokeren batean ere aurkituko ditu estatubatuarraren eraginak Agudok, gora eta behera egiteko arrapala eta hertzen forma borobilduetan.
Eta barrualdean zer? «Lloyd Wrightek berrikuntza ugari sortu zituen etxebizitza barruetan ere», Agudoren aburuz, eta ez ditu aipatu gabe utzi nahi. «Aitzindaria izan zen aire egokitua, berogailu erradiala edo leiho bikoitzak erabiltzen». Etorkizunean autoak izango zuen garrantzia ere aurreratu omen zuen -gutxi ziren orduan, AEBetan ere- «eta etxe barruan sartu zuen autoa». Finean, «`kutxa hautsi zuen', eta barrutik nahi bezala antolatu».
Parte-hartzea eta jakin-mina
Hamaiketan abiatutako txangoak epel hasi zuen ibilbidea, publikoari dagokionez, eta berotuz joan zen Getxoko Maidagan eta Galeara heldu orduko. Hogei laguneko autobus txikia Guillermo Aguadok zer azalduko adi-adi dago -Ula Iruretagoinea du lagun-, eta gutxika-gutxika beren iritziak eman eta eztabaidarako prest da, ikusitakoen artean zein etxe den politena, bakoitzak zenbat balio dezakeen, eta beste. Baten batek, «kutxa apurtu baino, kristalezkoa eraiki zuen» iritzi dio Lloyd Wrighten lanari, «apurtu, Frank Gheryk apurtu zuela» esanda. Laster ihardetsi diote, «apurtu baino eztanda eginarazi» egin zuela Gheryk.
Jende heldua da nagusi bisitaldian, Gipuzkoako bikotea, Gernikaldekoak... bere iritzia emateko irrikaz den gaztea... Guztien artean, azalpenak arreta handiz entzuten dituen gizon nagusi batek jo digu begira. Agudok eman azalpenak laguntzen hasi da apurka, eta laster ohartu gara Lloyd Wright izugarri miresten duela. AEBetako Illinoisen ere egona da, Oak Parkeko sorkuntzak ikusten. «Asko bidaiatua zara», nabarmendu du Agudok, eta «oso zaharra naiz eta», erantzun dio berak, eta soinean daraman gorbata harro erakutsi: «Lloyd Wrighten Chicagoko etxean erosi nuen -bere lanen bat agertzen du- eta bere omenez jantzi dut gaur».
AEBetako Wisconsinen jaio zen 1867an eta Arizonan zendu 1959an. XX. mendeko arkitekto nabarmenetarikoa dugu Frank Lloyd Wright. Bilboko Guggenheim museoan bere egitasmoen erakusketa bat dago ikusgai, otsailaren 14ra arte.
Lloyd Wright «kutxa hausten» saiatu zen. Eraikinei pisua arindu, eta zurruntasuna kentzen saiatu zen, askatasun gehiago izateko. Horretarako, eredu horizontala landu zuen, solairu bateko eraikinak jasoz, eta kristala edo egurra bezalako elementuak erabiliz.
1964
Atzoko ibilbidean ikusitako eraikinen artean, Getxoko Altzuri etxea da Frank Lloyd Wrighten aztarnarik goiztiarrena. Juan Madariaga Astigarraga arkitektoak 1964an eraiki zuen eta estatubatuarrak XX. mende hasieran egindako lanen itxurako zertzeladak agertzen ditu.
Behin «kutxa hautsita», etxebizitzak nahierara antolatu zituen barrutik. Espazio irekiak sortu eta altura maila ezberdinekin banatu zituen, hormei muzin eginda. «Ameslari hutsa zen. Aurreko ereduak irauli eta lengoaia berri bat sortu zuen».