GARA > Idatzia > Kultura

Ia 900 ikaslek parte hartu dute Seiaslek eta Andoaingo Udalak antolatutako V. Piano Jaialdian

Pianoak nahiko bakartia eman dezake, baina asteburu honetan hainbat herritako 867 ikasle elkartu dira instrumentu honen inguruan. Andoiango Jaialdiko antolatzaileak hagitz kontent daude.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Andoaingo Bastero kulturgunea hainbat piano-jotzaile gazteren topaleku izan zen atzo eta herenegun. Seiasle sei irakaslek osatutako elkarteak eta Udalak antolatu zuten jaialdia. Arantza Alberdi irakaslea pozik zegoen jaialdiaren martxarekin, dena ongi zihoalako. Kontatu zigunez, bertze urteetan arazo gehiago izaten zuten sari banaketetan gurasoak seme-alabekin biltzeko, baina aurten beste sistema bat asmatu dute hori konpontzeko eta gustura zeuden emaitzarekin.

Lasaitasun handiagoz

867 lagunek parte hartu zuten, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako artistek. Orain dela bost urte hasi zirenean 400 izan ziren eta ordutik pixkanaka-pixkanaka hazten joan da ekimena. «Gertatzen dena da jada ezin dela gehiago hazi, topera gaudelako eta bi egunek ez dutelako gehiagorako ematen», adierazi zuen Arantzak.

Urtetik urtera gauzak hobetu nahian ari dira antolatzaileak eta emanaldiak eta sari banaketak lasaitasun handiagoz egitea lortu dute. Sari banaketa gehiago egin zituzten eta horrek ume gutxiago batera egotea, leku gehiago izatea eta ikasleak denbora gutxiago egotea ahalbidetu zuen. Ekitaldiak banatuz, jendea erosoago senti zedin saiatu ziren.

Ohi bezala, jaialdia eta txapelketa egin zituzten batera. Alde batetik, txapelketa izan zen, bakoitzak obra bat jo zuelako epaimahaiaren aurrean eta urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak banatu zituztelako. Denek jaso zuten diploma, baina dominak jotzen zutenaren arabera eman zituzten. «Bakoitzak bere buruarekin lehiatzen du, ez du besteek baino hobeto jo behar», argitu zuen Arantzak. Bestalde, garrantzia ematen diote jaialdiari: «Guretzat topagunea da, ikasleentzat, gurasoentzat, irakasleontzat... Hainbeste jende elkartzen da pianoaren inguruan. Bakarrik jotzen den instrumentua da pianoa eta honekin talde bat osatzen dugu. Denok ondo pasatzea eta ikasleak motibatzea da nahi duguna».

Parte-hartzaileen adinari dagokionez, azpian ez dago mugarik eta aurten sei urteko hiru haur egon dira. Goian bai, 18 urte arteko muga dago. «Gure artean komentatzen aritu gara dagoeneko bosgarren edizioa denez, badela jendea 13 urterekin hasi zena eta aurtengoa azken urtea duena. Eta penaz daude. Horrek esan nahi du jaialdia finkatzen ari dela», aipatu zuen antolatzaileak.

Bi sail egon ziren: bakarlariena eta lau eskutara jotzen dutenena. Bietan, A, B eta C azpisailak zeuden, adinaren arabera (11, 14 eta 18 urte). Epaimahaia, aldiz, piano irakasle batzuek osatu zuten.

Azkeneko sari banaketarekin batera kontzertu txiki bat egin zuten. Bertan, epaileek aukeratutako piano-jotzaileek parte hartu zuten. Dominez gain, sari berezi hori eman zieten gauza batengatik edo bertzearengatik nabarmendu ziren artista gazteei.

Ekimen handi hau antolatzeko 70 bat lagunen laguntza izan zuten Seiasleko sei irakasleek: ikasleena, lagunena, bertze irakasle batzuena... Eta euren ahalegina eskertu nahi izan zuten.

PIANOA ETA GAZTEAK

Pianoak gazteen artean duen lekuari buruz galdetuta, Arantzak honela erantzun zigun: «Hemen 900 dauzkagu eta horrek erakusten du zer garrantzi daukan. Jendeari gustatzen zaio eta aritzen da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo