GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Ahanzturaren hilobian ehortzita

Hamahiru estatu europar (garai hartan ziren ia denak, eta Ameriketako Estatu Batuak, begirale legez) bildu ziren Berlinen afrikar kontinente osoa, jakia bailitzan, elkarren artean zatitzeko, harraparien arteko liskarrak ekidinez

Berlinen «Erinnern-Aufarbeiten-Wiedergutmachen» -Oroitza, berrikuspena, ordaintza- mugimendua aurkeztu zen iazko irailaren 16an, hainbat erakunde eta norbanako aurrerakoi eta antikolonialisten bulkadarekin. 1884ko azaroaren 15etik 1885eko otsailaren 26ra, Bismarckek antolatuta, Alemaniako hiriburuan egin zen Afrikari buruzko Konferentziaren 125. urteurrenaz oroituz, Europako herrialdeei nahiz Batasunari egungo Afrikarekiko jarrera duin eta zintzoagoa eskatzea du helburu plataformak. Arrakasta, noski, ez da sekulakoa izan, nahiz eta azaroaren 15eko manifestazioan bildu ziren hirurehun lagunekin antolatzaileak oso pozik zeuden. Nolanahi ere, urteurrenaren abagune aproposena amaitzear dugunean, badirudi Europa osoan beraiexek bakarrik oroitu nahi izan dutela Berlingo Konferentzia hura. Eta merezi du gogoeta bat. Ez hauen oroitzapenak, baizik gainerakoen ahanzturak.

Gizalegearen, zuzenbidearen eta Afrikako gizateriaren aurka inoiz egin den bilaukeriarik handienetakoa (zuzenki handiena ez esatearren) izan zelako Konferentzia hura. Hamahiru estatu europar (garai hartan ziren ia denak, eta Ameriketako Estatu Batuak, begirale legez) bildu ziren Berlinen afrikar kontinente osoa, jakia bailitzan, elkarren artean zatitzeko, harraparien arteko liskarrak ekidinez. «The scramble for Africa» deitu zaio geroztik lotsagarrikeria hari. Eta zentzuzko inork ez du jada ukatzen egungo Afrikak bizi dituen arazo eta odoluste gehienen sorburua hantxe datzala. Kolonialista zahar nahiz berriek «elkar topatu arte» nahi ahala lurralde eta herri menderatu eta arpilatzeko baimena eman zioten elkarri, sarraskirik lazgarrienak «zibilizazioaren» izenean onetsiz. Azken mendeetako historian behintzat nekez aurki daiteke beste horrenbesteko piztikeriarik. Bidegabekeria orokor haren barnean, haatik, marka berezi bat ezarri zen ignominiaren historiarako: norbanako bati, Leopoldo II.a belgikarren erregeari 2,4 milioi kilometro karratuko lurraldea, egun Kongoko Errepublika Demokratikoa dena, «oparitu» zitzaion, bertan ziren biztanle guztiekin. Eta horrela, esklabotza amaiarazteko xedea aldarrikatuz egindako Berlingo bilkura hark, munduan inoiz izan den esklabotza-lurralderik handienetakoa sortu zuen. Hori besterik ez baitzen izan Kongoko Estatu Librea deitua: bere jabegoan inoiz oina ipini ez zuen pizti baten giza-abeltegia, ehunka kapataz zuri bihozgabek zaindua. Ehun urte geroago, adituen eztabaidagaia da ea zenbat milioi pertsona hil ziren Joseph Conradek «Illunbeen bihotzean» lanean islatu zuen hiltegi hartan: «optimistenek», bost bat milioi deritzote; beste batzuek, ordea, hamar edo hogei milioiraino igotzen dute kopurua. Bidenabar, juridikoki eztabaidatzen da ea genozidioa izan ala ez, aro garaikideko sarraskirik latzenetakoa izan zela inork tematzen ez duen arren. Eztabaidatzen zailagoak dira zigorrez eskua moztu zitzaien emakume edota gaztetxoen argazkiak. Edo Roger Casementen testigantzak.

Ez da harritzekoa, beraz, nola edo hala Berlingo Konferentzia haren oinordeko direnek ezer gogoratu nahi ez izatea. Baina horrexegatik zorroztu beharko genuke memoria besteok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo