GARA > Idatzia > Euskal Herria

Langile Ikastolakoek ekintzekin erantzungo diete Lakuaren aginduei

Janire ARRONDO | HERNANI

Hernaniko Langile Ikastolakoek atzo argitu zutenez, Lakuako Hezkuntza Sailak hartutako erabakiak «inposizio hutsa» dira eta ekintzekin erantzungo diete.

Batetik, hiru lerroko ikastetxe baten mugak ezartzen dizkiote Ikastolari, beraz ezingo dituzte 75 ikasle baino gehiago onartu, nahiz eta azken 6 ikasturteetan lau lerro egon diren; bestalde, Hernanin DBH guztiak ikastetxe berri batean bateratzeko erabakiaren berri eman zieten. Atzo, Ikastolako Organo Goreneko ordezkariek eta hainbat gurasok eskaini zuten agerraldian erabaki horiek «erabat erasokorrak» direla salatu zuten.

Horrela, Ikastola legez hiru lerroko ikastetxe izatera derrigortzeak hainbat eta hainbat familia kanpoan uztea dakarrela diote eta Hezkuntza Ordezkaritzaren asmoa «oztopoak» eta «eragozpenak» jartzea baino ez dela.

12 eta 18 urte bitarteko ikasle guztiak zentro bakar batean biltzeko erabakiaren harira, bestalde, ikastetxe horrek zein irizpide izango dituen behar bezala zehaztu gabe dagoela argitu zuten Langile Ikastolakoek, eta soilik alor ekonomikoa lehenetsi dela salatu. Gainera, aste honetan amaitzen dira matrikulazio epeak, eta gurasoek ez euren seme-alabek non ikasiko duten jakin gabe egin beharko dituzte matrikulak. Herriko ikastetxe publikoek oso hezkuntza proiektu ezberdinak dituztela diote Langilekoek, «era oso desberdinean ikusten dugu irakaskuntza».

«Inposizio» honen aurrean, ekintzak iragarri dituzte Langile Ikastolakoek. Esaterako, ostegunero, 17.00etan, elkarretaratzeak egingo dituzte Donostian, Urbieta kalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo