GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iratxe Esnaola Arrillaga Informatika ingeniaria

Eskuko telefonoak eta osasuna

 

Duela hamar urte ez zen ia eskuko telefonorik ikusten kalean. Norbait telefonoz hitz egiten ikusten bagenuen, harritu egiten ginen. «Nik hori ez dut sekula egingo!» esaldia ere behin baino gehiagotan esan edo entzungo genuen. Baina urte gutxiren buruan, Estatu espainolean, esaterako, pertsonak baino sakelako telefono gehiago daude, adin tarte guztiak kontuan hartuta. Sakelakoak, uneoro eta nonahi lokalizatuak egoteko aukera eskaintzen duten aparatu elektroniko txiki horiek, gurekin doaz leku guztietara. Ez genuen hala izango zenik pentsatuko, baina hala da: edozein lekutan aparatu elektronikoa belarrira eraman eta hor izaten dugu deia bukatu bitartean. Eta batzuetan poltsan edota motxilan eramaten dugu. Baina beste batzuetan poltsikoan, gorputza laztantzen. Baina eskuko telefonoak hegazkin baten funtzionamendu egokia oztopatzera iris badaitezke, osasunean ez al digute kalterik egiten? Belarriaren ondoan jartzea kaltegarria al da? Eta poltsikoan eramatea? Zergatik ez digute horretaz hitz egiten? Zergatik ikertzen da hain gutxi hain hedatuta dagoen aparatu elektroniko baten ondorioen inguruan?

Eskuko telefonoek uhin elektromagnetikoak igortzen dituzte eta eremu elektromagnetiko horrek, eremu elektrikoarekin batera, elektro-kutsadura sortzen du. Erradiazio horiek pertsonen ikusmenerako ikusezinak dira, baina neurgailu bereziekin zehatz-mehatz neur daitezke. Bi erradiazio mota daude: ionizatzailea eta ez-ionizatzailea. Ionizatzaileek berehalako kaltea eragiten dute osasunean, hala nola erradiazio nuklearrak, X izpiak, eta abar. Ez-ionizatzaileen osasun-kaltea epe luzeragokoa izateaz gain, oraindik ez dago hain ikertua, nahiz eta berorien erabilera are hedatuagoa egon, eta hortaz, pertsona gehiagori eragin. Irrati bidezko transmisioak, telebista, eta besteak beste, sakelakoek sortzen dituzte erradiazio ez-ionizatzaileak. Beraz, sakelakoek erradiazio ez-ionizatzailea sortzen dute eta, linea elektrikoarekin batera, erradiaziorik arriskutsuenak direla onartu da zenbait ikerketatan. Sakelakoek igortzen dutena, eta noski, antenetatik datorrena.

Europan egin den lehen ikerketa Gobernu britainiarrak eskatu zuen 2000. urtean eta «Stewart Txostena» du izena (www. iegmp.org.uk/report/). Ikerketa horretan ateratako ondorioak oinarri hartuta, Hezkuntza Ministerioak 16 urtetik beherakoei sakelakoaren erabilera debekatu zien, ikasle askok, sakelakoaren gehiegizko erabileraren ondotik, estres, insomnio, antsietate eta hiperaktibitate handiagoa erakutsi baitzuten, emaitza akademikoetan eragin zuzena izan zuelarik, besteak beste, memoria, arreta eta kontzentratzeko gaitasuna aztoratzen baititu. Are gehiago, zenbait ikerketetan ondorioztatu denez, 15 minutuko dei batek burmuineko uhinen 24 orduko aztoratzea eragin dezake.

Pertsonen nerbio-sistematik korronte elektrikoak garraiatzen dira, eta horrexegatik, hain zuzen, jatorri artifizialeko eremu elektromagnetikoek, gorputzetik at sortzen direnek alegia, gaixotasun larriak sor ditzakete, betiere epe ertain edo luzera. Epe motzera ere, ordea, sakelakoek kalte egin dezakete: estresa handitzea, memoriaren galera, buruko mina, insomnioa eta abar. Kalte hauek guztiak, noski, hainbat parametroren araberakoak dira: esposizio-denbora, igortze-potentzia, telefonoa bera, telefonoaren eta antenaren arteko distantzia eta pertsonaren ezaugarriak.

Hortaz, sakelakoak ez dira osasungarriak, ziur, baina erabileraren arabera, haren kaltea mugatu daiteke. Honakoak izan daitezke modu errazean aplikatzeko moduko gomendio batzuk:

Aparatuarekiko distantzia handitu. Entzungailuak erabiltzea telefonoa belarrian jartzea baino egokiagoa da. Telefonoa belarrian jartzen dugunean, aparatuak barnean duen antena belarrian jartzen dugu, burmuinari itsatsita. Sakelakoa burutik zenbat eta urrunago, hobeto. Erabili entzungailuak, eta bestela, deia finkatu arte ez hurbildu aparatua belarrira, konektatzen ari denean igortzen baitu erradiazio gehien.

Telefonoa ez gorde poltsikoan. Erabiltzen ari ez bagara ere, bere antenak igortzen eta jasotzen jarraitzen du. Ez da komeni gorputzari itsatsita eramatea. Ahal bada, poltsan edo motxilan gorde.

Sakelakoaren eta antenaren arteko oztopoak saihestu. Dei bat egiten dugun bakoitzean, aparatua gertuen duen antenara konektatzen saiatzen da. Konektatzeko momentuan igortzen du erradiazio gehien eta zenbat eta oztopo gehiago bidean, orduan eta potentzia gehiagorekin igorriko du. Alegia, eraikin baten barruan bagaude, telefonoak hormak gainditu beharko ditu eta horretarako potentzia gehiagorekin igorriko du. Hurbildu leihora. Hitz egin leku irekietan eta, noski, estaldura nahikoa dagoen lekuetan. Estaldura gutxi duenean, telefonoak potentzia gehiagorekin emititzen du.

Autoan ez hitz egin. Debekatua egoteaz gain, autoaren metalak erradiazioaren errebotea eragiten du eta horrek potentzia handitzen du.

Erabilera kontrolatu. Haurrentzat are kaltegarriagoa da eta, beraz, erabiltzen ez badute, hobeto. Dei laburrak egin. Ahal denean, SMS edo mezu bidezko sistema erabili, erradiazioa minimoa baita.

Aparatu egokiak aukeratu. Sakelakoa erosterakoan, erradiazioa begiratu. Zenbat eta telefono potenteagoa, orduan eta igorpen handiagoa. Ez erosi behar ez duzun sakelakorik, deitzeko balio duena baina erradiazio gutxien igortzen duena baizik.

Esan bezala, sakelako telefonoaren erabilera ez da osasungarria, baina haren kaltea mugatu daiteke. Egungo sakelakoek igortzen duten erradiazio maila legalki onartuak dauden mailetan sartzen da, baina horrek ez du erakusten kaltegarria ez denik, are gehiago kalteak epe luzerakoak direla kontuan hartzen badugu. Alegia, ziur aski, oraindik ez ditugu sakelako telefonoen erabileraren benetako ondorioak errealitatean ezagutu. Beraz, erabilera kontrolatzean eta neurri minimo batzuk hartzean dago, egotekotan, gakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo