«Itzaltze analogikoa» apirilaren 3an gauzatuko da Hegoaldean
GARA | DONOSTIA
Lurreko Telebista Digitalaren (TDT) behin betiko ezarpena datorren apirilaren 3an gauzatuko da Hego Euskal Herrian, «itzaltze analogikoa» gauzatuta geratuko delarik.
Araban, adibidez, TDTren ezarpena gauzatuta dago dagoeneko, eta Bizkaian eta Gipuzkoan oraindik «itzaltze analogikoaren» zain daude herri batzuk, Lakuako Gobernuko Osasun eta Kontsumo Sailak jakinarazi zuenez.
Apirilaren 3tik aurrera, ordea, euskal herritarrek soilik TDT bidez ikusi ahal izango dute telebista, beraz, herritar guztiek beren antenak egokitu eta deskodetzaileak ezarri beharko dituzte seinale berria era egokian hartzeko.
Lakuako Gobernuak ohar baten bitartez adierazi zuenez, telebista analogikoaren seinalea jasotzeko teilatuetan ezarriak dauden UHF antenak egokiak dira, baina kasu askotan seinalea handitzeko gailuren bat ezartzea beharrezkoa izango dela gaineratu zuen, eraikuntza zaharreko etxeetan batez ere.
Berrikuntza horrek 300 eta 600 euro arteko gastua izan lezake. Etxebizitza oso zaharra baldin bada, «agian antena ere aldatu beharko da, edo banaketa kableak berritu, seinalea nahikoa indarrekin heltzen dela ziurtatzeko», esan zuten Lakuakoek. Horrez gain, egiten diren aldaketa edo berrikuntza guztiak baimenduta dauden lantegiekin egitea gomendatzen du Patxi Lopezen Gobernuak. «Aurrekontua eskatu behar da beti, eta behin lanak amaitutakoan, aldaketak egin dituen enpresak bere ezaugarriak zehazten dituen txostena eman behar dio eskatzaileari», gaineratu zuten.
Antenako lanez gain, telebistari ere deskodetzailea jarri behar zaio; Lakuaren arabera, ez da presaka aritu behar hura erosteko, eta egokiena hautatzen saiatzeko gomendatu du, nork bere beharren arabera.