GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Hondakinen kudeaketa erabakitzen

Herri galdeketarako prest daude Usurbilen

Usurbilen ohiko hondakin kudeaketari alternatiba «ekologiko» eta «jasangarriagoa» emateko asmotik jaio zen gaikako atez ateko bilketa; eta iazko martxoan jarri zuten martxan. Lortutako emaitzak begi bistakoak dira: sortutako hondakinen %28 birziklatzetik %82 birziklatzera iritsi dira. Orain, sistema honekin jarraitu nahi duten ala ez erabaki beharko dute bizilagunek.

p004_f01.jpg

Janire ARRONDO

Zein bilketa sistema nahi duzu Usurbilerako?». Horixe izango da herritarrek otsailaren 27 eta 28an erantzun beharko duten galdera. Hiru aukera dituzte: batetik, atez ateko bilketa egiten jarraitzea; bigarrenik, edukiontzien sistema zaharrera itzultzea; eta hirugarrenik, edukiontzi sistema zaharrari bosgarren edukiontzia gehitzea, gai organikoetarako.

Iaz, lehengo zabor-bilketa sistema alde batera utzi, eta gaikako bilketa martxan jarri zutenetik, etxe zein denda eta tabernetan sortzen duten hondakinen %80 baino gehiago birziklatzea lortu dute Usurbilen. Hain zuzen ere, iazko martxoan atez ateko bilketa egiten hasi zirenean, emaitzak berehalakoak izan ziren. San Markos Mankomunitateak emandako datuen arabera, 2008ko apirilean, ohiko bilketa sistemarekin, 173.200 kilo zabor eraman zituzten Usurbildik zabortegira; eta urtebete geroago, berriz, 25.380 kilo. Hau da, 148.000 kilo zabor gutxiago bota zituzten zabortegira, %85,35 gutxiago. Usurbilgo Udalean beraz, ziur dira atez atekoak, konpostatzearekin eta birziklatzeko «beste neurri osagarri batzuekin» hondakinen arazoari irtenbide bideragarria ematen diola.

Hala ere, atez ateko zabor bilketarekin ados ez zegoen herritar talde batek sortutako plataformak hala eskatuta ¯ia 800 sinadura aurkeztu zituzten Udalean¯ eta Ministro Kontseilu espainolak baimena emanda, Usurbilgo Udalak herri galdeketa egingo du bizilagunen artean. Usurbildarrek atez ateko bilketa egiten jarraitu nahi duten ala ez erabakitzeko aukera izango dute, eta Udalak azaldu zuenez, erabat loteslea izango da galdeketaren emaitza. Bertako alkate Xabier Mikel Errekondoren hitzetan, parte-hartzea «ahalik eta handiena» izan dadin bitarteko guztiak jarriko dituzte. Horrela, guztira sei mahai jarriko dituzte bozkatzeko. Egun horietan herrian ez daudenek ere izango dute aurrez bozkatzeko aukera, otsailaren 18 eta 19an udaletxeko idazkaritzara bertaratu, eta bertan botoa emanda.

Herri galdeketa honetarako, aldeko zein aurkako kanpaina egiteko tartea ere zabaldu du Udalak. Aurreko astean bertan, Atez Ate Dudipe! herri plataformakoak lanean hasi ziren, herritarrek kontsultan gaikako bilketaren alde egin dezaten: «Ia herri osoa inplikatu da arazo honi irteera bat bilatzeko saiakeran, bakoitzak bere esku dagoena jarri du eta guztion artean emaitza izugarriak lortu ditugu». Herri plataforma honetan hainbat elkarte bildu dira, esaterako, Alkartasuna baserritarren kooperatiba, Usurbil Bizirik, Zubieta Bizirik, Atez Atekoaren Jarraipen batzordea eta errausketaren aurkako mugimendukoak. Nolanahi ere, herritar guztiei irekitako plataforma dela nabarmendu dute.

Hala, atzorako festa eguna antolatu zuen herri plataformak, kanpaina honen harira. Goiz osoan haurrentzako hainbat jarduera izan ziren, kantu ofiziala aurkeztu eta ekitaldi nagusia egin zuten eguerdian. Bertan Usurbilen lortu dena «ikusgarria» dela ohartarazi eta usurbildarrek datorren asteburuan ere hutsik egingo ez duten ziurtasuna agertu zuten.

«Jendeak ikasi du dagoeneko»

Herriko kaleetatik ohiko zabor edukiontziak kendu zituztenetik ia urtebete igaro denean, hainbat bizilagunek beste begi batzuekin ikusten dute orain gaikako bilketaren kontua. Usurbilgo Sutegi kultur etxean kokatutako informazio bulegoko langilea da Amaia Martiarena, eta gertutik entzun eta ikusi ditu berak usurbildarrek atez atekoaren aurrean dituzten kezkak eta arazoak. Hasieran bizilagunen beldurrak «mota guztietakoak» zirela azaldu du, «ezezagunaren aurrean sortu ohi direnak». Esaterako, etxean horrenbeste egunetan hondakinak nola bilduko zituzten eta gai organikoak ez ote zuen etxean usaina botako, horiek ziren kezka nagusietako bi. «Orain ordea, horietako kexa gutxi izaten ditugu», gaineratu du berak.

Hasieran, batez ere hondakin mota bakoitza noiz atera behar zuten jakiteko deitzen zuten herritarrek, orain «nabarmen» gutxitu dira dei horiek, Martiarenak azaldutakoari jarraituz. «Jendeak ikasi du dagoeneko, oraindik duda txikiren batzuk izaten diren arren». Gaur egun dituzten arazoak «arazo errealak» dira, teknikariaren hitzetan: biltzaileek ontziren bat hustu gabe utzi dutela, eta gisa horretakoak. Halakoetan, esaterako, jendeak informazio gunera deitzen du, eta bertatik irtenbidea ematen diote arazoari.

Usurbildarrak gaikako sistemara dagoeneko «ohitu» direlako dio Errekondo alkateak eurek «inork baino hobeto» dakitela nolako lana egin duten eta «emaitzak ere kontuan izatekoak dira kontsultan erabaki bat hartzeko». Datorren asteburuan galdeketa izango bada ere, Usurbilen hasieratik argi izan dute aldaketa hau «behin betikoa» dela. Nahiz eta jakin jarraitzea ala ez bozkatuko dela kontsultan, «berdin» jarraitzen dute lanean. Martiarenak azaldutakoaren arabera «bulegora etortzen den jendeak, informazio bila datorrenak, guztiz aldekoa ez bada ere, interes handia erakusten du. Badakite hau behin betikoa dela».

Pixkanaka hobetzen

Herritarren laguntzarekin, hainbat gauza aldatu behar izan dituzte atez atekoa martxan jarri zenetik. Hasieran, adibidez, kaleko zakarrontzi txikiak kentzea proposatu zuten, eta bakoitzak bere zakarrak etxera eramatea. Hala ere, herritarrek kontrakoa erabaki zuten parte-hartze prozesuan; hala, zakarrak gaika biltzeko moduko ontziak jarri zituzten hainbat lekutan. Gerora ikusi dutena izan da, plastikoen ontzia askoz ere lehenago betetzen zela, organikoarenarekin alderatuta, esaterako. Beraz, horiek lekuz aldatu eta zakarrontziak gehien behar diren lekuetan bestelako edukiontziak jarri dituzte.

Bestalde, atez ateko bilketa sistema honekin ados ez daudenek aurka egiteko sarrien erabili izan duten arrazoia da poltsak hormetako esekitokietan ematen duten «itxura txarra». Martiarenaren hitzetan, ordea, egun bakoitzari dagokion hondakin ontzia herritarrek goizean ateratzen dutenetik biltzaileek jasotzen dutenera denbora tarte txikia izaten da; «ohitu egin gara, hasieran txokea handia izan bazen ere». Are gehiago, teknikariak berak dioenez, behin Usurbilen ohituta, beste herrietan ohiko edukiontziak ikusten dituenean, «arraroa» egiten zaio: «Hori ere ez da, ba, kalean bistara egoteko horren polita!». Egia da, hala ere, aurrera begira, organikoez gain, beste hondakinentzat ere ontziak jartzeko asmoa badarabilela esku artean Udalak.

Aurrera begira, eta epe laburrean, esku artean darabiltena da Urbil merkataritza gunea ere atez ateko bilketaren sarean sartzea. Dagoeneko merkataritza zentrokoek hondakinak gaika sailkatuta botatzen badituzte ere, datorren hiletik aurrera Usurbilgo bilketa sisteman sartuko dira. Duela gutxi hasi dira herriko industrialdean ere hondakinak gaika biltzen eta aldaketa «erraza» eta «arina» izan dela nabarmendu du Martiarenak.

«Guztion arazoa» delako, Usurbildik Gipuzkoa osora

«Maileguan utzi diguten natura zaindu eta maitatzea dagokigunez», Usurbilen hasitako ekimen hau Gipuzkoa osora hedatzeko asmoa agertu dute orain gutxi Udalekoek. Horretarako gainera, Gipuzkoako Aldundiari erraustegi proiektua sei urtez behintzat atzera dezala eskatu zioten. Zabortegien arazoari erantzuteko, atez ateko bilketa irtenbidea izan daitekeela ziur daude.

Dagoeneko Hernanin jarria dute gaikako bilketarekin hasteko eguna ¯maiatzaren 9a¯ eta Oiartzungo Udala ere buru-belarri dabil prestatzeko lanetan. Bestalde, azken asteotan Gipuzkoako beste hainbat herritako ezker abertzaleko alkate eta hautetsiek ere agertu dute euren herrietan zabor kudeaketa eredu hau martxan jartzeko interesa.

Hainbat eragile sozialei, bestalde, Usurbilgo atez ateko bilketarekin bat egiteko deia egin die Udalak. Horretarako, azken asteotan hainbat talde eta erakundetako kideak han izan dira, zabor bilketa eredua bertatik bertara ezagutzen. Tartean, ezker abertzaleko alkate eta hautetsiez gain, Aralarreko alderdikideak ere izan ziren. Aurreko ostegunean berriz, Realeko jokalariak ere inguratu ziren Usurbilera. Errekondo alkatea eta Imanol Agirretxe futbolari usurbildarra gidari zituztela, Mikel Aranburuk eta Mikel Labakak jaso zuten atez ateko bilketa ereduaren berri. Gaur berriz, Greenpeaceko Estatu espainoleko buru Juantxo Lopez de Uralde izango da Usurbilen. J.A.

HOBETZEN

Atez atekoa martxan jarri zenetik hainbat gauza aldatu behar izan dituzte herritarren laguntzarekin, aurrerantzean ere hala egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo