GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira

Abadiño eta Badaiotz, denboraldiko onenak

p044_f02.jpg

J.L.

Abadiñok eta Badaiotzek irabazi zuten herenegun Arrigorriagan izandako Euskal Herriko Txapelketa, 560 eta 500 kilokoetan. Azken jardunaldira alde nabarmenarekin heldu ziren, eta amaierako saioan ere nagusi izan ziren.

560 kilokoan, gizonezkoetan, alegia, Abadiñok ez zion inori aukerarik eman. Lehen postuan heldu zen azkeneko jardunaldira, txapela ia poltsikoan zuela; baina berriro ere garbi utzi nahi izan zuen beraiek direla onenak, eta saioko tiraldi guztiak irabazi zituzten.

Bigarren postuan berdinketa izan zen. Amaiur eta Sokarri berdinduta geratu baitziren. Biek galdu egin zuten Abadiñoren aurka, baina gainerako tiraldi guztiak irabazi egin zituzten, eta beraien artean berdindu egin zuten, talde bakoitzak tiraldi bana eskuratuz.

Laugarren postuan, oraingoan Berriozar sartu zen, aurreko hiru taldeekin galdu egin baitzuten, eta Ñapurrak eta Barrundia mendean hartu. Bosgarren postuan amaitu zuen azkeneko jardunaldia Ñapurrak taldeak Barrundiari bakarrik irabazita, eta azkeneko postuan geratu ziren Barrundiakoak, saioko tiraldi guztiak galdu egin baitzituzten.

Hiru jardunaldi jokatuta eta 560 kiloko txapelketa amaituta, honela geratu da sailkapen nagusia: lehenengo Abadiño, 18 punturekin; bigarren Amaiur izan da, 14,5 punturekin; hirugarren Sokarri, 12,5 punturekin; laugarren Ñapurrak, 8 punturekin; bosgarren Berriozar, 7 punturekin; eta azkena Barrundia, 3 punturekin.

Dena berdin

Emakumezkoetan, 500 kilokoan, alegia, Badaiotzek ez zuen barkatu, eta azkeneko jardunaldian ere garbi utzi zuen beraiek direla emakumezkoetan ere onenak.

Badaiotzek saioko tiraldi guztiak irabaziz amaitu zuen saioa. Bigarren Sakana sailkatu zen, arabarrekin galdu, eta besteak menderatuta. Hirugarren amaitu zuen Beti Gaztek Ibarrari bakarrik irabazita, eta azkeneko postuan Ibarra geratu zen saioko tiraldi guztiak galduta.

Txapelketa amaituta, honela geratu da sailkapena: lehenengo Badaiotz geratu da, 12 punturekin; bigarren Sakana geratu da, 9 punturekin; hirugarren Beti Gazte sailkatu zen, 5,5 punturekin; eta azkena Ibarra geratu da, 3,5 punturekin.

Euskal Herrikoa amaituta, Abadiño gizonezkoen lau pisuetan izan da txapelduna, 560, 600, 640 eta 680 kilokoetan, alegia, eta Badaiotzek nesken bi pisuak bereganatu ditu 480 eta 500 kilokoak. Orain, talderik gehienak, ostegunetik aurrera Munduko Txapelketan izango dira dominak lortzeko asmotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo