Eszenak
Traje eta Kome erietxean
Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea
Tragedia tripa handiarekin eta erditze minak ahal bezala jasanez erietxeko itxarongelan dago, Komedia, tripa handiarekin hau ere, bertan sartuko denean.
Tragedia: (Harriturik) Kome! Zu ere...
Komedia: Ni ere, zer Trage?
Tragedia: Hau da hau patu krudela! (Zerura begira) Zergatik, zergatik, zergatik...
Komediari kontrakzio batek emango dio.
Komedia: (Minaren minez kantuan) Zergaaatiiikkk....
Tragedia: (Laguna lasaitu nahian) Zergatik negar egin. Tripan umetxoa dago...
Komedia: (Izuturik) Nondik?
Tragediak hankartea begiratuko dio Komediari.
Tragedia: Alu ingurutik!
Komedia izuturik, Tragediaren alboan eseriko da. Itxarongelako guztiek eskandalizaturik begiratuko dituzte bi emakumeak.
Tragedia: Nola izan zen Kome, kontaidazu.
Komedia: (Kantuan) Bat, bat, bat... bat parrandan ibili...
Tragedia: (Ulerkor) Bat parrandan ibili.
Komedia: Bi, bi, bi... ez kondoirik ibili...
Tragedia: Ez kondoirik ibili.
Komedia: Hiru, hiru... aluan zapaburu...
Tragedia: Aluan zapaburu.
Komedia: Lau, lau, lau ...
Une honetan, Tragediak sekulako kontrakzioa sentituko du.
Tragedia: (Oihuka aulkitik zutituaz) ¡Se acabó el bacalao!
Komedia: (Berearekin jarraituaz kantuan) Han zegon kabroi handia...
Tragedia: (Medikuari hots eginez) Medikuaren bibotia...
Komedia: (Harriturik) Harexek ez zeukan, ez zeukan...
Tragedia: (Oihuka) Medikuaren bibotia!
Komedia: (Kantatzeari utziz) Baina ze bibote eta ze biboteondo! Horrek ez du benetako letrarekin inolako antzekotasunik.
Tragedia: (Erreguka) Medikua etor dadila, mesedez....
Komedia: Horrek ere ez. Letrari fidel izaten saiatzen ari gara, ezta?
Tragedia: Ondotxo esan duzu...
Komedia: (Kuxkuxero) Zer esan nahi duzu? Hamlet-i adarrak jarri dizkiozula?
Tragedia: (Damuak eta minak jota) Zergatik, zergatik, zergatik... zergaaatttiiik...
Komedia: Berriz ere hasieratik?
Tragedia: (Berearekin jarraituaz kantuan) Zergatik negar egin.
Komedia: Ondo da... (Kantuan) Tripan umetxoa dago...
Tragedia: (Izuturik) Nondik?
Komediak hankartea begiratuko dio Tragediari.
Komedia: Alu ingurutik!
Tragedia eta Komedia bata bestearen alboan, kantuan hasiko dira.
Tragedia / Komedia: (Etsipenez) Hau den, hau den, hau den umoria. Kontsolatzeko, kontsolatzeko, amaren kaltia...
Tragedia: (Aulkian eseriz) Aulkian gora,
Komedia: (Zutik) Aulkian behera,
Tragedia: Aulkian gora gizena.
Tragedia / Komedia: (Minez) Ai, ai, ai, ai...
Komedia: (Aulkian eseriz) Aulkian gora,
Tragedia: (Zutituz) Aulkian behera,
Komedia: Aulkian gora gizena...
Isiltasunean geratuko dira kolpetik.
Tragedia: Kantua honela bukatzen al da?
Komedia: Ez dakit, ez dut sekula jakiterik izan.
Tragedia: Zer?
Komedia: Zezenaren biboterik gabeko aita nor den.
Tragedia: Ezta nik ere.
Bi emakumeek, etsita, elkarri begiratuko diote eta kantuan hasiko dira.
Tragedia/Komedia: Zergatik, zergatik, zergatik... zergaaatiiik...
Tragedia: Zergatik negar egin.
Komedia: Tripan umetxoa dago...
Tragedia/Komedia: (Izuturik) Nondik?
Bi emakumeek kontrakzio gogor bat sentituko dute aldi berean.
Itxarongelako guztiak: (Oihuka) Aluan kanpotik!
Une honetan bi emakumeek aldi berean barre eta negar egingo duen Tragikomedia umetxoa izango dute.