GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Usurbigo atez atekoaren garaipenaren ondorenak

«Posible da atez atekoa Gipuzkoa osora zabaltzea; ez dago aitzakiarik»

p008_f0152648.jpg

Xabier Mikel Errekondo | Usurbilgo alkatea

Xabier Mikel Errekondo Usurbilen jaio zen 1964an. Ikasketaz informatikaria bada ere, hainbat urtez eskubaloia izan du ogibide eta  hainbat taldetako jokalari izanda egin zen ezagun. Egun, Usurbilgo Udaleko «patronala» dela dio berak, brometan. Egia dena da azken hiru urteotan atez ateko hondakin bilketak buruhauste bezainbat poz ekarri diola. Orain behintzat, Usurbilen ez dute zaborrez hitz egiten, ez kiratsa darien zakar zikinez; hemen hondakinez hitz egiten dute, lehengai diren materialez.

Janire ARRONDO

Datorren asteartean, martxoaren 16an, egingo du urtebete Usurbilgo atez ateko hondakin bilketak. Xabier Mikel Errekondo bertako alkateak, baina, oraindik lanean jarraitzeko prestutasun osoa du, are gehiago galdeketak erakutsi ondoren herritarrak sistemaren aldeko direla.

Esku artean «Usurbilgo Ituna» deiturikoa darabilte orain. Hondakinen arazoari irtenbidea emateko hainbat irizpide jaso dituzte eta alderdi politiko zein eragile sozial eta sindikal ugari ari dira bat egiten. Errekondok GARAri aurreratu zionez, Gipuzkoako Aldundiak ituna ezagutzean ezingo dio sei urteko luzamendu-eskaerari ezezkoa eman.

Herri galdeketaren ondoren zer moduzko biharamuna bizi duzue Usurbilen?

Egia esan, galdeketa gainditu dugu, eta pozgarria da, baina, atsedenik hartu gabe lanean segitzen dugu. Benetan pozgarria izan da gehiengoak atez atekoaren alde egitea, baina, are pozgarriagoa izan da parte-hartzea (%70). Duela hiru urtetik egiten ari garen lanari zilegitasuna eman zaio, zigilua jarri zaio, nolabait esateko.

Herritarren babesa duzuela berresteak lasaitasuna eta lanean jarraitzeko indarra ematen du?

Dudarik gabe. Indarra hasieratik izan dugu, lehen momentutik adarretatik heldu diogu arazoari. Gauzak ongi egin nahi izan ditugu, eta ahalegin horretan ez gara lasaitu, erronka potolo bati modu txukunenean erantzun diogu, beraz, zorionekoak gu.

Irakurketa asko egin daitezke, baina, garrantzitsuena da herritarrek prozesu honetan parte hartu dutela. Informazioa eman diegu, eztabaidetan parte hartu dute eta erabakiak hartu dituzte. Galdeketan ere erakutsi dute inplikazioa, %70eko parte-hartze hori ezin liteke ulertu aurreko lan guztia ikusi gabe.

Atez atekoaren aurkako plataformakoek eta Hamaikabat alderdikoek diote Udalak eman dituen birziklatze datuak ¯%82¯ faltsuak direla...

Hainbat hedabide atzetik dituzte eta esandako guztiari oihartzuna ematen diote, beraz, nahi dutena esaten dute. Egin duten bakarra atez atekoaren emaitzak zalantzan jartzea izan da.

Aurkako plataformakoek gainera, kontuak eskatu behar dizkigute guri? Eurek hasieran boikota bultzatu zuten eta herri- tarrei zaborrak kalera botatzeko eskatu... Zein erantzukizun du horrek?

Halere, birziklatzen ez den %20 horretarako errauste planta behar dela defendatzen dute...

Hondakin guztiak erraustegira bidalita, sartzen denaren %30 errauts moduan ateratzen da. Atez atekoarekin jasotzen den errefusa baino gehiago da hori! Uste dugu zaborrak erre eta desagertu egiten direla, eta ez da horrela!

Errausketa plana sei urtez atzeratzeko eskatu diozue Gipuzkoako Aldundiari. Zer da zehazki eskatzen duzuena?

Moratoria edo luzamenduarekin lortu nahi duguna da erakustea posible dela, atez atekoa Gipuzkoa osoan martxan jarriz gero, erraustegirik gabe hondakinen arazoari irtenbidea ematea. Benetako arazoa gipuzkoar guztiona da, ez Usurbilena bakarrik.

Aldundiak errauste programa parametro okerretan oinarritu du; osasunaren aurkako sistema bat da. Hori gainditu egin behar da alternatibak badaudelako.

Datorren astean «Usurbilgo Ituna» delakoa aurkeztuko duzue. Zertan datza?

Sei urteko luzamendua biltzen duen ituna da, hondakinen arazoari irtenbidea nola eman jasotzen duen dekalogo moduko bat. Bertan bilduko dira alderdi politikoak, sindikatuak, eragile sozialak, ingurumenarekin lotutako taldeak... Arlo eta sektore ezberdinetakoak, bilgune zabala izango da. Printzipioz oso gorpuztua aterako den agerraldia egingo dugu, indarra izango du itun honek.

Praktikan posible ikusten al duzu atez ateko bilketa sistema Gipuzkoa osora zabaltzea?

Argi dagoena da gipuzkoarrok aukera bat merezi dugula. Benetako aldaketa horretarako eskubidea dugu eta bidea atez atekoa da. Hernanin eta Oiartzunen berehala hasiko dira, eta beste hainbat herritan ere gaia mugitzen ari dira.

Egia dena da gauzak prestatu egin behar direla eta azpiegiturak behar direla, aldaketa ezin da egun batetik bestera egin. Hala ere, posible da. Ez dago aitzakiarik; izan ere, Donostia baino biztanle gehiago dituzten Europako hainbat hiritan martxan da sistema hau eta Paris eta Londres bezalako hirietan jartzeko lanetan dabiltza.

Zein mezu helaraziko zenieke atez atekoa zalantzan ikusten duten gipuzkoarrei?

Esango nieke normala dela kezkak eta zalantzak izatea; hemen ere bagenituen hasieran, baina, gainditu egin ditugu. Lehen zaborra zerbait zikina bezala ikusten genuen, gainetik kentzea nahi genuen.

Herritarrak animatuko nituzke zabortegietako arazoa gertutik ezagutzera, baita, erraustegiak ekar ditzaken ondorioak ere. Usurbilen erakutsi dugu, sistema baten alde edo bestearen alde egin, ohiko lau edukiontzien sistema ez dugula nahi. Ni konbentzitua nago gipuzkoarrak eskuzabala direla eta gauzak benetan ongi egin nahi dituztela. Erosotasunari heltzen badiogu, arazoak hor jarraituko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo