GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aizarnako erretoretzak herriko kultur elkartea itxi du bertan etxeak egiteko

p017_f01_19543.jpg

GARA | ZESTOA

Ia berrogei urteko ibilbide oparoaren ostean, Aizarnako Aitzbarna elkartea itxi egin zuten atzo. Eraikina, izan ere, auzoko erretoretzarena da, eta auzoko erretoreak «beretzat etxebizitza bat egiteko, eta gainontzekoak saltzeko asmoz», itxiera agindu zuen orain dela bi urte eta erdi. Joxe Mari Gurrutxaga Aitzbarna elkarteko kideak GARAri azaldu zioenez, atzokoarekin, hiru saiakera izan dira Aitzbarna elkartea ixteko. «Orain artean saiakera guztiak ekidin ditugu, baina azken honen aurka ezin izan dugu ezer egin», gaineratu zuen.

Gurrutxagak azaldutakoaren arabera, astelehenean jakin zuten atzo 11.00etan gauzatuko zela itxiera. Horretarako Azpeitiko idazkari judiziala, erretorearen abokatua eta prokuradorea agertu ziren. «Herritarrak barruan ginen, behintzat jakin zezatela ez gentozela bat. Hala, handik mugituko ez ginela esan genienean, erantzun ziguten modu onean ez bazen, indarra erabili beharko zutela, eta Ertzaintza etorri zen gu kanporatzera», argitu zuen.

Gurrutxagaren aburuz, Aitzbarna bezalako gune bat ixteak «ondorioak» izango ditu, izan ere, auzoan egiten ziren hamaika ekintza bertan antolatzen ziren. Besteak beste, eskolako guraso elkarteak ere Aitzbarnan egiten zituen umeentzako ekimenak. Munillari astelehenean egoeraren berri emateko eskutitza igorri zioten eta itxiera ekidin ez zuen arren, «erantzunaren zain» daude aizarnarrak.

Etorkizunari begira, mahai inguruan bilduko dira auzotarrak, auziari irtenbide bat emateko asmoz. Itxaropena zuten Elizarekin adostasun batera heltzeko, «baina zoritxarrez ez da horrela izan». Gurrutxagak salatu zuenez, «kalean utzi gaituzte, bai bazkideak, baita bertaratzen ziren guztiak ere».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo