GARA > Idatzia > Kultura

Asel Aske! plataformak Luzarragaren aldeko musika jaialdi erraldoia antolatu du Bermeon

p050_f02_97x92.jpg

GARA | BERMEO

Asel Luzarraga idazle bizkaitarra Txilen atxilotu zutenetik 72 egun beteko dira gaur. Harrezkero, Asel Aske! plataforma eguenero bildu ohi da 20.00etan Bilboko Plaza Biribilean, laguna aska dezaten eskatzeko.

Elkarretaratzeez gain, taldeak adiskidearen egoeraren berri emateko hitzaldi sorta bat ere antolatu du han eta hemen (informazio ugari dago www.aselaskatu.org helbidean). Orain, aldiz, jaialdi erraldoi bat prestatzen ari da. Ekimena Bermeoko Kafe Antzokian burutuko da eta Euskal Herriko talde entzutetsu ugariren parte hartzea izango du. Besteak beste, eta oraindik egitaraua erabat itxita ez dagoen arren, Leire Saitua, Mikel Urdangarin, Txuma Murugarren, Ruper Ordorika, Joseba Tapia, Asier Serrano, Joseba Irazoki eta Petti bakarlariek eta The Uski's, Gatibu, Ken 7, Kerobia eta OST taldeek emango diote babesa zuzenean Luzarragari.

Txilen preso

Asel Luzarraga Zarrabeitia (Bilbo, 1971) enpresa ikasketetan diplomatua eta euskal filologian lizentziatua da. Literatura alorrean lau nobela idatzi ditu («Hamaika ispilu ganbil», «Karonte», «Mozorroaren xarma» eta «Abaraska») eta gaur egun Euskal PEN Klubeko kidea da. Horretaz gain, Punkamine musika taldeko kidea izan zen.

Iaztik Txilen bizi da Luzarraga, eta maputxe herriak bizi duen egoeraren berri ematen ziharduen iragan Gabon zahar egunean atxilotu zuten arte. Lehergailuak egiteko materiala izatea eta lau atentaturekin lotura izatea leporatu zioten.

Luzarragaren atxiloketa ezagutu bezain pronto, Asel Aske! plataforma eratu zen Euskal Herrian, idazlearen lagunek osatuta. Plataformako kideen ustez Luzarraga errugabea da, eta maputxeen alde egiten zuen lana estaltzeko atxilotu du Txileko Gobernuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo