GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak (OMCT)  Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioarekin (FIDH) batera, eta biak Giza Eskubideen Defendatzaileen Babeserako Behatokian (OPDDH) batuta, Baltasar Garzon epailearen defentsan ateratzea erabaki dute egunotan eta Madrilera joan dira hura babestera.

Halaxe da, izan ere. Garzonek sari batzuk bereganatu ditu giza eskubideen alde eta torturaren aurka egiteagatik. Azkena, Alemaniako PENek eman dio 2009an. Aurretik, hainbat: Espainian (1990), Minnesotan (1999), Quiton (1999), Mexikoko Kalifornia Beherean (2001) eta Ermuan (2002).

Injustiziaren aurka eredugarri izateagatik, Honoris Causa doktore izendatu dute hainbat unibertsitatetan, hala nola Ekuadorreko Cuencan (1999), Boliviako Potosin (1999), Mexikoko Autonomoan (2000), Argentinako La Platan (2001) eta Jaenen (2008).

Elkartasunaren Saria jaso zuen Erroman (1995), Vigon (1999) eta Sizilian (2000). Latinoamerikako Epaile Onenaren saria eman zioten 1999-2000ean, eta New Yorkeko American PENek begirunea adierazi zion 2006an. Egun, ekimen bat abian da Europako Parlamentuak Sajarov Saria  eman diezaion, berari eta frankismoaren biktimei batera.

Denetarik 60tik gora gorespen jaso ditu giza eskubideak defendatzeagatik, torturari aurre egiteagatik, solidario izateagatik, injustiziaren aurka jarduteagatik. Alde ditu Torturaren Aurkako Mundu Erakundea, Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioa eta Human Rights Watch.

Eta beraren biki den honi (egun eta urte berean jaiotakoak baikara) zaila egiten zaio nazioartean azaltzea nor den Garzon euskaldunontzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo