Donostiako Jazzaldi eklektikoak «krisia» gainditu du
Aurten uztailaren 21etik 25era bitarte izango da Jazzaldia Donostian. Eta krisia gaindituta dator, aurkeztu berri dituen izarren distirari begiratuta. Jaialdia irekitzeko Jazz Band Balla berreskuratu dute, eta gero etorriko dira besteak. Jazz hutsari begiratuta, Arche Shepp, Ron Carter, Dave Holland, Stanley Clarke edo Mulatu Astakte, besteak beste. Eta gainerako soinuetan, Patti Smith, Kris Kristofferson, Elvis Costello edo The Pains of Being Pure At Heart gazteak.A. BILBAO | DONOSTIA
Gasteiz eta Getxoko iragarpenen ostean, Donostiako Jazzaldiak atzo agertu zuen plazara aurtengo egitaraua, oraindik ixteke dagoena.
Uztailaren 21etik 25era bitarte izango da 45. edizioa duen hau, eta ohi bezala Trinitate plaza, Kursaal aretoa eta Victoria Eugenia antzokia izango dira agertoki nagusiak, eta aurten gainera, iragan urtean krisiaren ondorioz galdu zen Jazz Band Ballak irekiko du ekimena, hirian jazz eztanda eraginez.
Egitarauari dagokionez, izar handiak ageri zaizkigu aurten ere, hiru ataletan banatuak. Batetik pisu handiko jazz musikariak ditugu, eta bestetik nabarmentzen hasiak diren egungo jazz musikari bikainak. Horiez gain, eta bestelako soinuei irekia den jaialdian, pop musikako izen esanguratsuak ere izango dira Donostiako agertokietan.
Jazz zaleak asetzeko asmoz, Archie Shepp saxo-tenor jotzailea izango dugu Gipuzkoako hiriburuan, baita Ron Carter eta Dave Holland baxu jotzaile paregabeak ere, biak ala biak Miles Davis apartaren ondoan jotakoak. Hollandek Donostian flamenkoan oinarritutako lana aurkeztuko du, El Habichuela gitarra jotzailearen laguntzarekin. Aipatutako bi baxu jotzaileen parean, Stanley Clarke entzuteko parada ere izango da Jazzaldian, Hiromi piano jotzaile japoniarrak lagunduta. Bukatzeko, eta soinu beroagoen ordezkari, latin jazzaren izar Arturo Sandoval eta Mulatu Astakte etiopiarra -biak piano jotzaile- aipatuz itxiko dugu atala.
Dagoeneko jazz eszenan pisu nabarmena duten izenen ondoan, egun pauso irmoz nabarmentzen ari diren izen batzuk ageri zaizkigu egitarauan. George Benson gitarra jotzailea dugu hauetako bat, eta Leo Smith beste bat, Donostian tartean Vijay Iyer duen laukotearekin joko duena.
Berrixeagoak ditugu Christian Scott tronpeta jotzailea, New Orleanseko izar berria, edo Red Weslay tronboi jotzaile funk zalea. Eta horiez gain, Portico Quartet, John Hollenbeck bateria jotzailearen boskotea, The Claudia Quintet edo Shibusa Shirazu Orchestra big band japoniar harrigarria. Guztiak izango dira Jazzaldian, David Krakauer klezmerrarekin eta SoCalled en Abraham Inc. disko jartzaile quebectarrekin batera.
Bestelako musikak
Jakina da gainera, jazzetik aldendutako proposamenei ere tokia egitea dela Donostiako Jazzaldiak duen ezaugarrietako bat, eta aurten ere horrela izango da.
Pop doinuetan, indie eszenan egun ospea lortzen ari diren The Very Best, eta batez ere, The Pains of Being Pure at Heart taldeak izango dira oholtza gainean, izen sonatuagoekin batera. Baita Mayer Hawthorne kaliforniar cool-a eta Toquinho gitarra jotzaile brasildar ezaguna ere.
Eta bukatzeko, izen klasiko eta ezagunenak: Patti Smith, Elvis Costello eta Kris Kristofferson.
Smith, punk garaietako dama, orain gutxi gurean izana da, Bilbon jotzen eta Gasteizen erakusketa aurkezten (Garirekin jo zuen bertan). Rockaren klasikoak bertsionatzen dituen «Twelve» du azken lana, 2007koa. Kris Kristofferson berriz, sona handiko antzezle eta kantaria da country soinuetan, eta 2006ko «Fast Food Nation» du azken lana. Elvis Costello hiruretan gazteena ere ez da atzo goizekoa. 2007an Trinitate plazan izan zen Allen Toussaint maisuarekin eta hiria gustatu zitzaion antza -hurrengo urtean haren emazte Diana Krall izan genuen Kursaalen-. Orain bi urte «Momofuku» plazaratu zuen eta Donostian The Sugarcanes taldearekin joko du.
Atzo iragarritako egitarauaren berri zabalagoa apirilaren 15ean emango du Jazzaldiak, datak eta kokaguneak ere zehaztuz, eta sarrerak apirilaren 19tik aurrera eskura izango dira ohiko salmenta puntuetan.