GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joseba Gonzalez eta Pili Tello (*) Bilboko LABeko Helduen eta Pentsiodunen Saileko kideak

Lan egiteko adinean dauden lagunei zuzendua

Europako beste hainbat herrialdetan gertatzen den bezala, zergatik ezin da hemengo gizarte segurantza, geure kotizazioaz gain, Estatuko aurrekontuetatik ere finantzatu?

LAB sindikatuko Helduen eta Pentsiodunen Saila osatzen dugun zenbait kide gara. Oraindik lan egiteko adinean (gaur egun, eskubide izatetik zortearen araberako ondasun izatera pasa dena) zaudeten horiei zuzentzen gatzaizkizue.

PSOEren gobernuak, PPk eta Toledoko Ituna osatzen duten CEOE, CCOO eta UGT beste batzuekin batera bultzatzen ari diren pentsioen erreforma dela-eta, hainbat ikuspuntutik azter genezake bizkar gainera datorkizuen-datorkigun zama. Gure aldetik, erreforma horren ondorio eta ingurukoak tarteko, zenbait gogoetarako baliagarri izan daitekeen hausnarketa eskaini nahi dizuegu.

Ba al zenekiten Gizarte Segurantzak berak emandako datuen arabera, 1985ko eta 1997ko pentsio erreformak jasan behar izan genituenok, gaur egun, batez beste, zegokiguna baino %10,19 gutxiagoko pentsioa jasotzen dugula erretiratutakoan?

Ba al zenekiten, arestian aipatutako galeraz gain, oraingo erreforma honekin, Gizarte Segurantzak berak esandakoaren arabera, %21 arteko galera izan dezakegula?

Ba al zenekiten, prest daukaten erreformaz gain, etorkizunari begira, gure egoera areago okertuko lukeen beste hainbat erreforma egiteko asmotan dabiltzala?

Ba al zenekiten 2040rako, Gizarte Segurantzaren porrota iragartzen ari diren berauek, 1995an kiebra hori 2010rako iragarri zutela eta, aldiz, 2009an Gizarte Segurantzak 8.500 miloiko irabaziak izan zituela?

Ba al zenekiten, prestatu duten pentsioen erreforma hau, bankuek negozio berrietarako bide bezala erabil dezaten planteatzen dutela?

Horretaz gain:

Pentsio sistemak kiebra egin dezakeela aipatzen digute behin eta berriz. Nolatan ez du kiebra egiten gizarte honi inongo mesederik egiten ez dion eta izugarrizko gastuak dakarzkion monarkiak (urtean 9 milioi euro ordaindu behar diegu) eta gero eta gehiago dira mantendu behar ditugunak?

Zergatik finantzatu behar dugu milioika euro kostatzen zaigun armada, nahiz eta aurka egon, kontuan hartuta 2007an Espainiako Armadako jeneral bakoitzari (egun 225 daude) urtean 78.843 euro ordaindu genizkiola?

Zergatik eman zizkien duela urtebete gobernuak bankuei 350.000 miloi euro eta orain, gutaz trufatuz, euren etekinak mutur aurrean jartzen dizkigute?

Zergatik, katolikoak izan ala ez, Estatuko aurrekontuetako diruaz ordaindu behar diogu gero eta faxistago diren kardinal eta apezpikuz osatuta dagoen elizari?

Bukatzeko: Europako beste hainbat herrialdetan gertatzen den bezala, zergatik ezin da hemengo Gizarte Segurantza, geure kotizazioaz gain, Estatuko aurrekontuetatik ere finantzatu?

Esandako arrazoiengatik eta esan gabeko beste askorengatik, irtenbide bakarra geratzen zaigu, exijitzea eta borrokatzen jarraitzea. Ezin dugu 1.000 eurotik beherako pentsiorik onartu. Pentsioen inguruko erabaki hartzeak eta kudeaketa Euskal Herrian egin daitezen borrokatzen jarraitu behar dugu; geure gizarte segurantza propioa lortzea hil ala bizikoa da. Madriletik datozkigun berriak, beti, egurkada gisa datoz- eta.

Hemen lan eta bizi, hemen erabaki!

(*) Joseba Gonzalez eta Pili Tellorekin batera, Jaime Puentek, Xavier Isasak, Josefina Peinadok, Maria Rosario Carribak, Fernando Goirik, Serafin Arcek, Javier Guezuragak, Goio Ubiernak eta Mikel Argiñarenak ere sinatzen dute artikulu hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo