Jazarpen «izugarria» jasan duela salatu du Beitialarrangotiak
Gerora oihartzun handia izan duen «maite zaituztegu» esaldia 2008ko urtarrilean Anaitasunan bota zuenetik, «jazarpen judizial, politiko eta mediatiko izugarria» jasan duela salatu zuen atzo Hernaniko alkateak. Madrileko Auzitegi Gorenak errugabetasuna aitortu badio ere, Beitialarrangoitiak dioenez, epaile espainolengandik «euskaldunok ezin dugu justiziarik espero».Janire ARRONDO |
«Adierazpen askatasunari ezin zaio mugarik jarri, ezta maitasunari ere. Horregatik, lotsarik gabe diogu: maite zaituztegu». Hala mintzatu zen atzo Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitia, esaldi hori bera Iruñeko Anaitasunan 2008ko urtarrilaren amaieran esatearren Auzitegi Nazional espainolak «terrorismoa goratzea» leporatu, eta orain, hango Auzitegi Gorenak errugabea dela ebatzi ondoren. Beitialarrangoitiak Igor Portu eta Mattin Sarasolaren tortura salaketak gogoan zituela eginiko adierazpenetan ez zela «terrorismoa goraipatzen» ebatzi arren epaileak, Hernaniko alkateak azaldu zuenez, «euskaldunok ezin dugu justiziarik es- pero». Hernaniko Udaleko gobernu taldearen izenean irakurritako agirian, argi adierazi zuen: «Alkatearen zein gobernu taldearen jarduera epaitu dezaketen bakarrak hernaniarrak dira». Hala, «eskerrik beroenak» eman nahi izan zizkien alkateak Hernaniko bizilagunei, 2008ko urtarrilaz geroztik pairatu duten «jazarpenaren aurrean» beti alboan izan dituztelako, «berotasuna eta animoak emanez».
Argi utzi zuen, era berean, udal gobernua «herritarren zerbitzura» dagoela eta bizilagunen «bizi kalitatea eta etorkizuna hobetzeko» asmoz lan egiten dutela. Orain, Auzitegi Gorenak hartutako erabakiak «indar gehiago» emanda, aurrera begira hainbat erronka ditu Hernaniko Udalak, hala nola: «ondorengoen osasuna zaintzea helburu hartuta» atez ateko hondakin bilketa martxan jartzea, etxebizitza parke publikoaren osaketan lehen pausoak ematea, Ereñotzu auzo-udal bihurtzeko proiektua edo herritarrek bozketa bidez eskatutako kulturgune berria eraikitzea.
«Herritarren lekua nahi zuten»
Alabaina, Beitialarrangoitiak salatu zuenez, «asko dira herritarren lekua hartu nahi izan dutenak, gauzak nahierara aldatzeko asmoz». Gainera, ahalegin horretan «jazarpen juridiko, politiko eta mediatikoa izugarria» izan dela salatu zuen. Hainbat hedabide Hernanira «sarritan» gerturatu direla esan zuen; gutxitan, baina, «bizilagunei benetan kezkatzen dieten gaien berri ematera».
Hein horretan, gogor salatu zuen «adierazpen askatasunaren izenean gezurra eta presioa erabili izana ideia jakin batzuk baztertzeko». Suari erregaia botatzen aritu beharrean, «gauzak onbidean jartzen» lan egitea hobe luketela esan zuen alkateak.
Auzitegi Goren espainolak errugabe dela ebatzi ondoren, Beitialarrangoitia are «indar gehiagorekin» lanean jarraitzeko prest azaldu zen.