GARA > Idatzia > Euskal Herria

Itsasun izandako sutearen eragilea atzemateko ikerketa abian da, suak piztea debekatu baitzuten

Idoia ERASO | BAIONA

Hego haizeak azkarki jo zuen joan den astean, hori dela-eta, Prefeturak suak piztea debekatu zuen ostegunetik igandera. Hala ere, ostegun arratsaldean Ezpeleta eta Itsasu aldean norbaitek debekuari muzin egin, eta sasiak erretzea deliberatu omen zuen. Sutea kontrolik gabe zabaldu zen eta eremu babestuak erre zituen, eta hainbat herritarrek beren etxeetatik aldendu behar izan zuten. Itsasun, Lagordia bordatik -logelak eskaintzen ditu, zuhaitzen gaineko etxoletan- 100 metrora gelditu zen sua. Bordako jabeek salaketa jarri dute.

«Hasieran ez ginen konturatu ere egin, baina orain atzera begira oso izituak gira, dena galtzen ahal genuen. Txorakeria bategatik dozenaka hektarea erre dira eta arrisku handian ezarri dute bai jendea, bai lekua», adierazi zuen Lagordiako Frederick Jeanniotek.

Joan den asteko ostegunaren eta ostiralaren artean Itsasu eta Ezpeleta arteko mendietan sortu zen, eta suaren jatorria argitzeko ikerketa bat abian jarri da orain. Prefeturak suak pizteko debekua ezarria zuen egunetan izandako sutearen ondorioz 24 hektarea erre egin dira. Horien artean natur-aniztasuna dela-eta babestutako eremuak aurkitzen dira.

Dirudienez sutea sasiak erretzeko asmoarekin piztu su batetik abiatu zen. Ikerketak sua non abiatu zen eta piztu zuena nor izan zen argitzea du helburu.

Legordia bordan ostatu hartzeko logelak eskaintzen dituzte, zuhaitz gaineko etxoletan, eta gertatutakoarekin oso izutuak agertu dira; izan ere, sua beraien etxetik 100 metrora gelditu zen ostiralean. Sua itzaltzeko suhiltzaileak bost orduz aritu behar izan ziren lanean bordaren inguruetan.

«Etxean izan ez bagina eta sua hemendik hurbil zela ikusi izan ez bagenu, dena errea izanen zen orain. Hemen ginenez, suhiltzaileak deitu ahal izan genituen» azaldu zuen Frederick Jeanniotek.

Suaren ibilbidea

Sutearen ibilia zein izan zen azaldu zuen Jeanniotek: «Dena ostegun arratsean hasi zen, gauean Mondarraineko gailurra eta inguruak erre ziren. Sua guregana ostiralean ailegatu zen, suhiltzaileak bi aldiz etorri behar izan ziren. Lehen aldian eguerdi aldera etorri ziren, baina ez zuten sua guztiz itzali. Arratsaldean sua berriz gugana hurbiltzen ari zela ikusi genuenean, itzuli ziren eta bost orduz aritu behar izan ziren lanean, arratsaldeko seietatik gaueko hamaikak arte».

Hego haizearen indarra eta neguko izotzek landareak lehortu dituztela kontuan hartuta, sasiak erretzeko suak egitea debekatu zuen joan den astean Pirinio-Atlantikoetako Prefeturak. Ostegunetik igandera ezarri zen debekua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo